Altsasuko gazteek espetxean 1.000 egun bete dituztela salatuko dute Gasteizen
Abuztuaren 3an, jaien testuinguruan, erakusketa bat jarriko dute Altsasuko Gurasoek Gasteizko erdialdean.
Altsasuko gazteek 1.000 egun beteko dituzte espetxean abuztuaren 10ean. 1.000 egun giltzapean eta, gaur egun, Arabako espetxean, Zaballako kartzelan.
Bi eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten gazte auziperatuei. Oihan Arnanz, Iñaki Abad, Jokin Unamuno, Adur Ramirez de Alda, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea eta Aratz Urrizola dira gaur egun Zaballan espetxeratuta daudenak; Ainara Urkijo, bi urteko espetxe zigorrera kondenatu zutela, kalean dago.
Testuinguru honetan, Altsasuko Gurasoek erakusketa bat jarriko dute larunbatean (abuztuaren 3an) Gasteizen “injustizia honen ibilbidea” erakusteko, eta hurrengo jomuga irailaren 18a izanen dela gogoratzeko. Orduan, Auzitegi Gorenaren bistatik euren seme-alaben etorkizuna idatziko da.
Hiriburuko jaien testuinguruan, 11:30etatik aurrera ikusgai egongo da hau, Andre Maria Zuriaren plazan. Gainera, materiala ere salgai izango dute erakusketarekin batera: 21:00ak arte egongo dira plazan.
Sareren manifestazioa
Bestalde, abuztuaren 3an ere, Sare herritarrak manifestazioa deitu du arratsalderako: ‘Korapiloak askatzeko unea da, denak batera presoak etxera’ lemeapean mobilizazioa egingo dute plaza berdinetik abiatuta.
19:00etan abiatuko da hau.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!