Altan Bernedoko langileek hiru greba egun egingo dituzte, enpresa-hitzarmen propioa lortzeko
Gaur, lehen greba egunean, elkarretaratzeak egin dute enpresa aurrean eta Foru Aldundian. Azaroaren 9 eta 11a dira konbokatutako beste bi egunak.
Irudia: ELA sindikatua
Enpresa-hitzarmena negoziatzena ari dira Altan Bernedoko (lehen Biomendi) ordezkari sindikalak 2019tik, baina, azaldu dutenez, enpresak “jarrera zurruna” eta lan-baldintzak okertzeko borondatea erakutsi ditu orain arte. Egoera horren aurrean, Altan Bernedoko Enpresa Batzordeak grebara deitu du azaroaren 4, 9 eta 11an, Hitzarmen Propio baten alde.
Besteak beste, sindikatuen arabera, negoziazioetan enpresak ez du KPIa igotzea aurreikusten, eta produkzioaren araberako igoerak baino ez ditu proposatzen. Horrez gain, beste hiru lanaldi gehiago inposatu nahi ditu, aplikazio subsidiarioa duen kimiken estatuko hitzarmeneko lanaldiarekin parekatzeko. Era berean, Aldi Baterako Ezintasunaren (ABE) osagarriak ezabatu nahi ditu. «Ekoizpena handitzea, lantegian presentzia handitzea eta etekinak handitzea baino ez dute helburu; hori guztia azken urteetako enpresa itunetan lortutako eskubideak ukatuz”, ELAk adierazi duenez.
Gaur izan dute lehen eguna eta elkarretaratzeak egin dute enpresaren aurrean eta Foru Aldundian. “Ez dugu 3 egun gehiagoz lan egingo” bezalako aldarrikapenak egin dituzte langileek. Azaroaren 9 eta 11an jarraituko dute mobilizazioekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!