Alicia Sáez de la Cuesta: “COVID-19 garaian espetxean bizi, saiakera horretan bizitza bera galdu gabe”
Nork eman dezake hobekien espetxeko testigantza, preso dagoenak ez bada? ARGIAren 2715eko astekarian, Espetxea COVID-19 garaian: Euskal presoen bizipenak lehen pertsonan erreportajea argitaratu genuen. Lau euskal preso politikok idatzi dizkiguten bizipenak eta hausnarketak dira erreportajearen mamia. Erreportajean ezin dena jaso, ordea, eta horregatik erabaki dugu webgunean preso bakoitzaren gutuna osorik argitaratzea. Jarraian, Alicia Sáez de la Cuesta gasteiztarrarena through Argia.eus
Pandemiaegutegia: COVID-19 garaian espetxean bizi, saiakera horretan bizitza bera galdu gabe
Martxoak 2:
Albisteak ikusi ondoren, eroen mundu batean bizi garela iruditzen zait beste behin. COVID-19a gure bizitzetan sartu da, baina ez dakigu zer pentsatu: batetik, alarma soziala sortzen ari dira eta, bestetik, gripe soil bat bezalakoa dela esaten dute. Mezu guztiz kontraesankorrak, albistegi guztietako lerroburuetan entzuten ditugunak.
Gaur beste emakume bat hil dute, eta beste talde bortxaketa bat izan da. Turkiaren eta Greziaren arteko mugan, Greziako Poliziak bi pertsona hil ditu. Gerran dauden beren herrialdeetatik ihesean ari ziren, orainaldi eta etorkizun seguruak eraikitzeko lekuren baten bila. Heriotza horiek aspaldi utzi zioten albiste garrantzitsu izateari. Seinale txarra, haietara ohitzen bagara.
Martxoak 13:
Gaur goizean segurtasun funtzionario bat etorri zait modulura eta martxoko komunikazioak ezeztatzen dituen jakinarazpena eman dit, niri bakarrik. Honela zioen:
“COVID-19 birusaren hedapenak eragindako alertaren aurrean, eta arrisku-eremuetatik datozen lagunek edo senideek kutsadura ekartzeko arriskua saihesteko beharra dela-eta, jakinarazten zaizu:
‘Asteburuko komunikazioak eta martxoko aurrez aurrekoak bertan behera geratuko dira, arrisku eremuen eta herrialde mugakideen (Euskal Autonomia Erkidegoa) egoera hobetu arte […] Ebazpen honen aurka, kexa aurkez dezakezu Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean'”.
Hiru pentsamendu bururatu zaizkit irakurri dudanean:
1. Euskal preso politikoak beti egon gara jarraipen bereziko preso gisa fitxatuta (Fichero de Internos de Especial Seguimiento, FIES), orain badirudi gure senideak ere arrisku bereziko norbanako gisa fitxatzen dituztela (Fichero de Individuo de Especial Riesgo, FIER –sigla horiek ez dira existitzen, asmakizuna dira… Edo ez?–).
2. Badirudi lagun emakumezkoek ezin dutela kutsatu (“ante la necesidad de evitar posibles contagios por parte de ‘amigos’…”). Behingoz, eta aurrekari gisa baliorik izateke, eskertzen da emakume izatea eta izendatua ez izatea.
3. Albisteen arabera, Madril ere arrisku eremua da. Kartzela honetako madrildar guztiei paper bera eman al zaie? Nire moduluan madrildar bat dago eta ez diote ezer eman. Nola jakin dezakete nor datorren inguru horietatik? Susmatzen dut guk bakarrik irabazi dugula sari potoloa, beste behin ere.
Martxoak 14:
Alarma egoera ezarri dute. Zer arraio da hori? La Sexta-ko asteburuko bazkalosteko filma dirudi.
Badirudi jada ez garela soilik madrildarrak eta euskaldunak “kutsatu zikinak”, arnasa hartzen duen edonor da ustezko hedatzailea. Inork ezingo du etxetik irten eta inork ezingo du kartzeletan sartu (funtzionarioek salbu). Berriro ere presoak aldea markatuz. Nire ustez, krisi honetan hartzen diren neurri guztiak debekuzkoak izango dira, eta iruditzen zait inprobisazioa nagusi izango dela hemendik aurrera.
Martxoak 15:
Igandea da, COVID-19 aroa-ren lehen igandea. Baina ez dut hitz egingo “koroadun zomorro” horretaz, gure mundura gelditzeko iritsi denaz. Bera da protagonista elkarrizketa guztietan; telebistako eta irratiko saio guztiek Bera dute mintzagai, eta hainbat herrialdetako gobernuek alarma egoera ezarri dezaten eragiteko boterea du. Berak aldaraziko ditu bizitza ohiturak egun batetik bestera, eta badirudi Beragatik isolatuko gaituztela presoak lehen baino are gehiago.
Martxoak 16:
Ostiralean jakinarazi ziguten COVID-19aren ondorioz eskola eta programatutako jarduerak bertan behera uzten zituztela, baita komunikazioak ere. Neurri horiek prebentzioz hartzen ziren, birusak kartzelan sartzeko aterik izan ez zezan. Uste nuen etxe hauek zabalik zeudela edonorentzako, oker nengoen.
Asteburua lasaia izan da, nesken artean birusarekin txantxak daude. Baina gaur, astelehena, batzuk beren behar eta eskakizunekin nabarmentzen hasi dira. Baieztatu digutenez, moduluen arteko komunikazioak ere ez dira egingo, eta irteteko baimenak bertan behera geratu dira. Gosarian garrasi batzuk izan dira. Pixka batez bazterrak nahastu ondoren, kexatzen ziren berberek erabaki dute sexu-jostailuak eskuratzeko instantziak aurkeztea segurtasunekoei. Mutur batetik bestera jotzen da, iruditzen zait denbora beharko dugula hemen barruan hartzen diren aldaketak eta neurriak kudeatzeko.
Uste dut ez direla/garela erabat kontziente hor kanpoan gertatzen ari denaz.
Gauean, afalorduan, segurtasuneko zuzendariordea etorri da, kartzela barruan alarma egoera zertan gauzatuko den azaltzeko. Laburpena: inor ez da moduluetatik sartu edo irtengo, komunikazio etendura “konpentsatzeko” dei gehiago emango dizkigute eta eskatzen badugu ziegetan geratzen utziko digute, baina otorduetara jaitsi behar dugu –bi txandatan jango dugu–.
Martxoak 17:
Hau hasi besterik ez da egin eta moduluan oraindik “gozokiak” daude (kolokatzen duen edozein substantzia). Ikusiko dugu nola dagoen kontua astebete barru. Eta ikusiko dugu zer gertatzen den adikzio arazoekin. Espetxeetan droga sartzeko bide nagusietako bat itxi dute, komunikazioena, eta askok dituzte beharrezko. Lasai nago, baina pixka bat kezkatzen nau horrek, eta beste modulu eta kartzela batzuetan nola eramango den pentsatzeak. Modulu hau txikia eta segurua da, etor daitekeena “eramangarri” egiten duena, baina nola egongo dira beste kide batzuk? Ez naiz balizko zorigaitzak aurreratzen hasiko, egunean egunekoari heltzen saiatuko gara.
Martxoak 23:
Joan den astean, Kontxiri (amari) deitzean, José Ángel (aita) ez zegoela ondo esan zidan, sukarra zuela. Ezin zutenez etxetik irten osasun krisiari loturiko debekuen ondorioz, larrialdietako telefonora deitu zuten eta esan zioten beste sintomarik ez bazuen ez zegoela zer eginik. Badirudi COVID-19arekin lepo dabiltzala eta gainerako gaitzak ez direla existitzen. Larrialdietakoak aipatu dizkien sintoma horiek ez agertzea desiratu nuen.
Gaur Kontxiri deitu diot nola dauden konta diezadan, eta Estik (arrebak) hartu dit. Arraroa egin zait, Gasteizko bere etxean konfinatuta zegoelako.
– Zertan ari zara hor?
– Aita oso gaizki dago, ez dakit honetatik irtengo den.
– Zer?
Ez nekien zer esan ere, negarrez errepikatzen nion aitari esateko eta gogorarazteko asko maite dudala. Amarekin ere hitz egiten dut, eta gauza bera esaten diot.
Lehen pertsonan zerbait gogorra bizitzen ari diren bi emakume, eta, gainera, ni animatzen saiatu behar dute berria eman ondoren. Ezin dut imajinatu ere zer ari diren bizitzen. Ezin dute –eta ez dute nahi– ospitalera eramaterik, ez baita COVID-19a, baina ez du erreakzionatzen botikekin. Egun gogorra da. Deia amaituta patiora noa, negar egiteari utzi gabe, agian viejilloa (aita) berriro ikusiko ez dudala pentsatuz. Denbora luzea daramat ikustera joateko baimena eskatzen, bera ezin baita etorri. Gaur inoiz baino urrunago nago nireengandik, ezintasunak eta tristurak gainditzen naute.
Martxoak 24:
Deitu dut, badirudi José Ángel erreakzionatzen hasi dela. Lasaitasun eta alaitasun sentsazioa, baina zuhur jokatu nahi dut eta nola eboluzionatzen duen ikusi. Hamar egun besterik ez daramate konfinamenduan. Dementziak edo buruko gaixotasunak dituzten adineko guztiengan pentsatzen dut. Nola eragingo die itxialdi honek? Zer gertatzen da COVID-19 ez diren beste gaixotasun batzuen ondorioz hil daitezkeenekin? Zer gertatzen da hainbeste jende jasaten ari den isolamenduarekin? Preso gaudenok ezagutzen ditugu isolamenduaren gogortasuna eta ondorio larriak. Noiz arte iraungo du honek? Pentsatu al da konfinamendu horren ondorioetan?
Apirilak 18:
Zuraren (alabaren) urtebetetzea da, gaur 10 urte bete ditu. Bere eguna modu arraroan bizitzea tokatzen zaio: ezin du etxetik irten, ez du lagunekin eta familiarekin ospatuko. Nik neurekoi pentsatu dut 10 urte betetakoan ez dugula gehiago bizikidetzako aurrez aurrekoa gozatuko. Hilean lau ordu gutxiago izango ditut harekin partekatzeko, baina, aldi berean, ez du egiten zuen bidaia gehigarri hori egin beharko, eta ez du eskola eguna galduko. Asko izorratzen dio horrek (hemen, Castellóko (Herrialde Katalanak) espetxean, bizikidetzako aurrez aurrekoak ostiraletan dira, 09:00etatik 13:00etara). Bidaiek nekatu egiten dute, eta gure senideek asko sakrifikatzen dute gu ikustera etortzeko. Konfinamendu honetatik zerbait positiboa atera behar badut, familiakoak errepidean pasatzen dituzten kilometroak eta orduak aurrezten ari direla da. Istripuak gertatzearen kezkarik ez dago. Baina faltan botatzen zaituztegu, eta faltan botatzen ditut aurrez aurrekoak diren denbora eta espazio burbuila txiki horiek. Hori da hemen “gure” deitu dezakedan bakarra, gure aurrez aurrekoa. Faltan botatzen dut, halaber, ondorengo aje emozionala, zeinean aztertzen dudan zuekin bizi izandako guztia, zuen keinu, hitz, isilune, irribarre eta haserre guztiak.
Maiatzak 7:
Atzo aspaldi etorri gabea zen funtzionario bat etorri zen modulura, beste bat ordezkatuz. Berehala etorri zen nirekin hitz egitera presondegietako kutsadurei aurrea hartzeko hartzen ari diren neurri urriei buruz. Esan zidan jada nekatuta zegoela zuzendaritzari neurri egokiak eskatzeaz: guztientzako –funtzionario eta preso– maskarak, PCR probak, lanera etortzean tenperatura har diezaietela… Baina ez diote kasu handirik egiten, gaur egun maskara bakarra ematen diete, lanean ari diren ziklo osoan iraun diezaien – horrek esan nahi du bi egun eta gau bat ematea maskara berberarekin, gainera badirudi ez dituela beharrezko baldintzak betetzen–. Esan dit irakurri duela kartzela batean, ez daki zeinean, nire kideek protesta egin eta borrokan ari direla neurri egokiak egon daitezen, eta animatu egin nau nik ere berdin egin dezadan. Grazia egiten dit funtzionario batek protesta egitera animatzeak.
Nik bi instantzia aurkeztu ditut dagoeneko maskarak bana diezazkiguten, edo gutxienez, josteko tailerrean egiteko materiala eman diezaguten. Ez dago erantzunik. Gainera, uste dut nesken artean ez dagoela kezka hori, ezta kutsatzeko beldurrik ere. Hemen barruan ez da kanpoko errealitatea bizitzen ari, eta gutxi gara albistegiak ikusten ditugunak. Eta ikusten ditugunak, hainbeste gain-informaziotik eta hain zorroztasun zientifiko gutxirekin hitz egiten duten tertulianoengandik desintoxikatzen ari gara. Beti bizi izan gara mundu paralelo batean, baina noizean behin kanpoko aire freskoak sartzen zitzaizkigun komunikazioekin. Orain ez dugu kanpoko munduarekin lotzen gintuen zilbor-hesterik.
Maiatzak 13:
Gaur gauean Carolina hil da. Espetxe Erakundeko Idazkaritza Nagusiaren txostenetan heriotza bat gehiago izango da, beste zifra bat. Baina guretzat, zortzigarren moduluko neskentzat, ez da zenbaki bat.
Heriotza honen ondoren, urte hauetan hil diren kide horiek guztiak ditut gogoan, eta bereziki, José Ángel (Otxoa de Eribe), betiereko irribarredun kidea. Horrela gogoratzen baitut: irribarrez beti. Lagun handia zen, eta pertsona izugarria: beti besteekin kezkatuta eta aldi berean inori enbarazu egin nahi izan gabe. Ez zioten bereekin batera bizitza gozatzen utzi, eta bidegabea da, norbaitek zorion hori merezi bazuen, bera baitzen [José Ángel Otxoa de Eribe arabarra 2019ko urriaren 29an hil zen, minbiziaz. Hemeretzi urte eman zituen espetxeratuta, 2015ean minbizia aurkitu dioten, baina ez zuten kaleratu 2019ko uztailera arte, hil baino lau hilabete lehenago]. Ez dut amorrurik sentitu nahi, ziur bainago José Ángeli ez litzaiokeela gustatuko.
Asko hitz egiten da COVID-19a duten gaixoak hiltzean duten bakardadeaz, eta senideek ezin lagundu dituztela. Bada, hemen hiltzen bazara, bakardadean izaten da beti. Kartzela horren krudela da, eta egun hauetan erakusten dizu modurik gordinenean.
Maiatzak 14:
Arratsaldean ia emakume guztiak elkartu gara patioan Carolina omentzeko, eta agur esan diogu:
“Carolina, arraroa da pentsatzea ez zaitugula berriro ikusiko moduluan. Abisatu gabe joan zara, eta ezin izan dizugu agur esan. Hori ez zen zure estiloa, iritsi zinenetik ez baitzenion utzi borrokalari eta ‘porculera’ [izorratzaile] bat izateari, ez haserretu, badakizu maitasunez esaten dizugula. Dohain berezia zenuen gu bildu eta nahi zenuena lortzeko. Goiz joan zara, baina oso azkar bizi izan zara.
Inork ez du merezi kartzelan hiltzea, eta are gutxiago askatasuna gertu sentitzen denean, zure kasuan bezala. Horretan pentsatzeak amorrua eta tristura ematen du. Ez dugu sentimendu horien aurka borrokatu behar, baina beste une batzuk ere atxiki behar ditugu memorian, irribarrea margotu eta algarak pizten zenizkigun horiek. Une onak igaro ditugu zurekin, eta uste dut une egokia dela gogoratzeko. Ez dugu gehiago adituko zure azentu berezi hori, eta ez ditugu zure kexuak entzungo, mainak eta guzti. Ziur nago zauden tokian zaudela ondoan dituzunak erotzen arituko zarela. Garai arraroetan joan zara, jende asko hiltzen ari da, eta uste dugu omenaldirik onena gure bizitzekin irribarrerik onenarekin jarraitzea izango dela.
Carolina, zu “genio y figura hasta la sepultura” izan zara [gaztelerazko esaera, bere ezaugarriak beti gorde dituela adierazteko]. Denok gogoratuko zaitugu, eta agian pentsatzera helduko gara azkenean aske irten zinela, eta topera ari zarela gozatzen.
Agur polita, musu bat, egunen batean berriz elkartuko gara agian”.
Maiatzak 16:
Konfinamendu aste hauetan, eguneko unerik onenetako bat postara joaten naizenekoa da. Ia egunero izaten dut sorpresaren bat. Jendeak orain badu denbora horren analogikoa den zerbait egiteko: paper batekin eseri, boligrafoa hartu eta lerro batzuk idaztekoa. Gutun bidez topo egin dut berriz ere kalean dauden eta arrastoa galdu nien kideekin, lehenago inoiz idatzi ez didaten lagunen eskutitzak jaso ditut, eta ezezagun asko animatu eta letrak bidali dizkidate. Okerrena da nire erantzunaren zain egongo direla, eta zaila egiten zait hori egitea, asteko bi gutunen mugagatik eta jaso dudan eskutitz kopuruagatik.
Maiatzak 18:
Gaur goizeko 11:00etan bideo-deia izan dut, konfinamenduko eta nire bizitzako bigarrena. Aurrekoa apirilaren 24an izan nuen, arratsaldeko 17:00etan. Lehen aldi hartan, nire txandaren zain nengoela, ikusten nuen nola irteten ziren denak emozioz negarrez. Gogo handia nuen, ia bi hilabete baitziren ez nituela ikusten nesken eta Iñakiren aurpegiak. Gainera, beren etxea ezagutu ahal izan nuen, etxe magiko eta sendatzailea, Iña-ri egitea hainbeste kostatu zitzaiona, bizitoki eta babesleku goxo bihurtu den etxea.
Hamar minutu izan ziren, oso biziak eta bereziak. Gozatu nuen eta primeran zeudela ikusi nuen. Ni, beste neska presoak ez bezala, irribarre handiarekin atera nintzen.
Gaurko hitzordua José Ángel eta Conchirekin izan da. Hau ere oso berezia izan da, viejilloak eman zigun sustoaren ondoren ikusteko gogoz bainengoen. Gainera, ia 5 urte ziren ikusten ez nuela. Bideo-deia zirraragarria izan da eta izeba-osabak eta lehengusina-lehengusuek bat egin dute. Zoratzekoa izan da.
Maiatzak 22:
Segurtasuneko funtzionario batek Auzitegi Nazionaleko autoa eman dit. Esan dit: “Gaur zerbait ona ekarriko dizut, ohiturak aldatzeko”. Eta egia zen, José Ángel ikustera joateko eskatuz Txema abokatuak jarri zuen apelazio-errekurtsoaren ebazpena eman dit. Eta oraingoan baietsi egin dute:
“(…) presoari bere aitaren etxera joateko eskatzen duen baimen berezia baimentzea… aitaren gaixotasun larriagatik, egokitzat jotzen diren segurtasun neurriak hartuz eta uneoro poliziaren zaintzapean egonez.
Baimen hori ezingo da gauzatu harik eta COVID-19ak sortutako alarma egoerak joan-etorria egitea ahalbidetzen duen arte… “.
Hainbeste urte eskean, hainbeste errekurtso aurkeztuta, eta pandemia betean eta mundu erdia konfinatuta dagoenean baimendu didate. Berriro ere, espetxe sistema juridiko honen logika ilogikoak harritu egiten nau. Inork inoiz esan zuen Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusia ulertzera heltzen bazara galduta zaudela, haietako bat bihurtu zarelako. Hitz jakintsuak inondik ere.
Ekainak 3:
Segurtasuneko funtzionarioa modulura jaitsi da nire amaren helbidea eta telefonoa eskatzeko. Pixka bat urduri jarri naiz eta galdetu diot ea nire kunda [garraiatzea] prestatzen ari direla esan nahi duen horrek. Esan dit ez dakiela, baina uste duela oraindik ez nautela eramango, konfinamenduaren arintzearen lehen fasean gaudelako eta ez direlako garraiatzeak berriro hasi. Informatuko dela esan dit. Zain geratu naiz.
Ekainak 5:
Funtzionarioa etorri da bihar Zaballara (Araba) eramango nautela jakinaraztera, presta dezadala makutoa [bidaiarako poltsa], laster irtengo bainaiz. Ez nuen espero hain azkar izango zenik, Iñakiri deitu diot abisatzeko. Urduri dagoela sumatu dut, eta badakit horrela egongo dela Zaballatik deitzen diodan arte. Zer latza presoen senide izatea, are latzago garaiotan.
Ekainak 6:
8:30ean irten naiz zuzeneko kunda batean. Maskara bat ematen didate, esku artean dudan lehen aldia da, ez dakit ezta jartzen ere, eta okertu egiten naiz. Oraindik konfinamenduaren leuntzearen lehen faseetan gaude, ez dituzte garraiatzeak berrartu, baina ni presaka naramate Auzitegi Nazionalaren autoa betetzeko. Furgoian sartu naute eta Zaragozan gelditu gara soilik, guardia zibilak eta ibilgailua aldatzeko. Hirurak pasata heldu gara Zaballara. Sartzeen moduluak basamortua dirudi, Mendebalde Urruneko filmetan agertzen diren belar-koskor horietako bat ikusi uste dut. Ez dago inor, ematen du ez nindutela espero.
Hamalaugarren moduluan sartu naute, osasun berrogeialdia egiteko isolamendurakoa. Behin ziegan, egiten dudan lehenbiziko gauza irratian Hala Bedi-ren sintonia bilatzea da. Nekatuta nago eta gose naiz. Kundan eta goizean ez dut deus jan botaka ez egiteko, baina ez dit ezertarako balio izan, Zaballara heltzear ginela txahala bota baitut. Ez dakit zer ekarriko didaten afaltzeko, baina gogoz hartuko dut. ETB jarri dut Teleberria ikusteko, hainbeste urteren ondoren arraroa egiten zait albisteak euskaraz entzutea. Etxetik gertu nago, arraroa da hemen egotea.
Ekainak 9:
15:30ak aldera ziegatik irten naiz José Ángel ikustera joateko. Urduri nago, arrazoi askorengatik: aspaldi ez dudala aita ikusi; 20 urte baino gehiago dira ez dudala Lantziegoko (Arabar Errioxa) etxea zapaldu; hilabeteak daramatzat inorekin komunikatu gabe; eta horri guztiari COVID-19a gehitzen zaio. Badakit ezinezkoa dela ni kutsatu izana, baina uste dut saihestezina dela pentsatzea ekarri nauen furgoia desinfektatu gabe egon daitekeela. Ni ez naiz “paranoikoa”, baina argi dago jasotzen dugun informazioak eragina duela. Ez dut hitzik gaur sentitu dudan guztia adierazteko.
Ekainak 23:
Azkenean, irten naiz osasun isolamendutik. 17:30ak aldera hamargarren modulura noa. Hemezortzi egun eman ditut ziega batean ezertarako irten gabe. Eskerrak kartzela honetako ziegetan dutxa eta telebista dauden, eta astean hiru egunetan funtzionario bat etorri den telefono mugikorrarekin, familiarekin hitz egiteko. Baina beste leku batzuetan, Castellón adibidez, ez dutxarik, ez telefonorik, ez telebistarik. Baldintzak artikuluren bat aplikatzen dizutenean edo zigorrak ordaintzen dituzunean baino askoz okerragoak dira.
Ekainak 26:
Lehen bisita dut lokutorioetan, bertan behera utzi zituztenetik. Gaur jabetu naiz zenbateraino bota ditudan faltan.
Uztailean hasiko dira aurrez aurrekoak, baina hemen oso zorrotzak izango dira neurriekin: ezin dugu elkar ukitu, metro eta erdiko distantziara egon behar dugu, eta maskara jarrita izan. Egia esan, ez du ematen oso atsegina zure alabak, bikotekidea, gurasoak… hain gertu eduki eta besoen artean ezin estutzeak.
Ez dakit hemen COVID-19 kasuak egon direlako den, edo EAEko kartzeletan osasun arloa Osakidetzak kudeatzen duelako, baina argi dago hartzen ari diren neurriak oso murriztaileak direla.
Abuztuak 25:
Zaballako aurrez aurrekoak bertan behera utzi dituzte berriz ere, kalean dauden agerraldiengatik.
Abuztuak 27:
Ezin izan dugu ziegatik atera egun osoan, emakume bat sintomekin eraman dutelako ospitalera, eta probaren emaitzaren zain egon behar dugu. Egunaren amaieran ezezkoa atera dela jakinarazi digute, eta bihar jaitsi ahal izango gara. Hemendik aurrera, norbaitek sintomak dituenean, denok konfinatuko gaituzte? Patxadaz hartu beharko dugu.
Irailak 16:
Castellóra iritsi naiz. Garraiatzetatik heltzen garenentzako berrogeialdiak kendu dituzte hemen, baina maskara uneoro eraman behar da. Paketean zenbait sartzea eskatu beharko dut. Berehala ikusten dut gutxi direla serio hartzen dutenak. Askok lepoan edo eskuetan eramaten dituzte. Hemen ez da kutsatzerik izan, aurrez aurrekoak eta komunikazioak egiten ari dira, baina kartzela askotan etenda daude.
Urriak 13:
Ana Belénen [Ana Belén Egues Gurrutxaga] gutuna jaso dut Córdobako kartzelatik. Irratian beren sindikatuaren izenean hitz egiten ari zen funtzionario bat entzun duela idatzi dit, aurrez aurrekoak mozteko eskatuz, kalean ere debekatuta dagoelako besarkatzea –zer? Komentariorik ez– eta presoak ados gaudela neurri horrekin –nola?–. Arrazoi osoz dio Anak: “Galde diezagutela benetan, eta azter ditzatela horrek guztiak gugan izango dituen ondorioak”. Denetara egokitzeko gaitasuna dugula eta egiten dugula, baina presoon antsietate maila neurtuko balute, agian flipatu egingo luketela.
Irailaren 25etik, aurrez aurrekoak etenda dituzte. Kartzeletako krisiaren kudeaketan gure eskubideak are gehiago murriztu dira. Zergatik ez dute murriztu preso kopurua? Zergatik ez dituzte kalera atera gaixoak eta arrisku taldeetakoak? Zergatik ez dituzte erizaindegiak indartu, prebentzioan inbertitu, probak egin, maskarak banatu eta abar? Anak egiten dituen galderak, nireak ere badirenak.
Urriak 26:
Hau ez da amaitu, eta ez dakigu noiz amaituko den. Azken albistea da alarma egoera ezarri dela etxeratze agindua eta beste neurri gogorrago batzuk hartu ahal izateko. Ez dakit bihar dudan aurrez aurrekoa egin ahal izango dudan. Ziurgabetasuna da sentimendu nagusia.
Gauza asko jan ditut pandemiaegutegitik, dena jartzea luzeegia izango zelakoan. Hala ere aipatu nahiko nituzke, nolabait amaitzeko eta gainetik bada ere, horietariko batzuk. Aipatu nahiko nuke alaba biekin Zaballako lokutorioetan (kristalaren bestaldean) bizitako une ederra, ohiko bidaia luzea egin gabe, freskura guztiaz gozatua. Aipatu nahiko nuke Soto del Realeko kartzelan bikotearekin egindako aurrez aurreko intimoa, bizitzak ematen dizkizun opari eder horietako bat bezala. Aipatu nahiko nituzke Axier Aginako eta Igor Gónzalez Sola, dena emanda joan diren lagunak biak ala biak; Aranjuezen haiekin bizi izandako momentu ederrekin geratzen naiz, beren senideei (bereziki Aitziberri) maitasunez eta indarrez betetako besarkada bidaltzen diet hemendik.
Azkenik, gazteek aipamen berezia merezi dutela iruditzen zait. Gure alaba nagusiak 16 urte ditu eta bere haragitan ikusten dut nola egiten ari diren gazteen aurka. Daukaten haserrea modu eredugarrian bideratzeko gaitasuna erakusten ari diren bitartean, Polizia desberdinek haien aurkako jazarpena mantentzen dutela iruditzen zait. Bizitzaren garai garrantzitsu bat lapurtzen ari zaizkien bitartean kriminalizatuak dira, beraientzat hemendik alaitasunez eta indarrez betetako besarkada.
*Alicia Sáez de la Cuesta Martínez de San Vicente (Gasteiz, Araba): 2001ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Galizan. 30 urteko espetxe zigorra ezarri zion epaitegiak, Gasteizen Guardia Zibil bat hiltzea eta ETAko kide izatea egotzita. Inkomunikazio aldian torturatu egin zutela salatu zuen. 2013an Zura alabarekin kondena Logroñoko (Espainia) espetxean betetzen ari zela, Castellóko (Herrialde Katalanak) espetxera urrundu zuten ziega beste preso batekin partekatzeari uko egiteagatik. 2020ko azaroan bueltatu berri da espetxe berera, bigarren graduarekin. 2031n amaituko du kondena.
Jatorrizko edukia: Argia.eus
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!