Alfredo de Miguel: hiru soldata igoera eta karguz goratua auzia hasiz geroztik
Ustelekeriagatik zigortutako Alfredo de Miguelek eta Koldo Otxandianok bi elkarte publikotan jarraitzen dute lanean: Hazin eta Miñanoko Parke Teknologikoan. De Miguelek, gainera, hiru soldata igoera eta karguz goratze bat izan ditu auzia hasiz geroztik. through Argia.eus
Otsailaren 4an Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du, EH Bilduk eskatuta, Hazi fundazioko zuzendari den Asier Arresek. Sententzia oso gogorra jaso duen eta EAEko ustelkeria kasurik handiena den De Miguel auziko Alfredo de Miguelek eta Koldo Otxandianok elkarte publiko banatan egiten dute lan oraindik ere.
Legebiltzarraren webgunean, hemen, daude ikusgai bideo guztiak.
Eldiario.es hedabideko Iker Riojak egindako kronikatik jaso dugu agerraldiak bistaratutakoaren berri:
Alfredo de Miguel: ikertua izan den bitartean soldataren hiru igoera eta karguz igotzea
De Miguelek 13 urteko kartzela zigor epaia jaso du, komisioak kobratzeko trama bat lideratzeagatik. De Miguel 2000. urtean sartu zen IKTn (28 urte zituen eta EAJko Arabako “bigarrena” izendatu zuten urte horretan bertan) eta sozietate hori da gerora Hazi sortzeko elkartuko zen Itsasmendikoi eta Kalitatea sozietateekin. Eszedentzia hartu zuen 2007an Arabako aldun egin zenean. 2010ean atxilotu zuten ustelkeriagatik, baina Hazin lanean hasi zen berriro. Haziko zuzendari Arresek Legebiltzarreko agerraldian oroitarazi du PSE zegoela garai hartan gobernuan eta esan du horrek adierazten duela lan eskubideekin lotuta zegoela lanean berriz hartzeko erabakia.
Arresek emandako datuen arabera, garai hartan 24.000 euroko soldata zuen urtean De Miguelek, 2007tik izoztuta, “baina hitzarmenarekin homologatuz 27.000 eurora igo zen”. Ondoren, Haziko lan mailak berdefinitu ziren eta C maila esleitu zioten, 33.000 euroko soldatarekin. Geroztik, barne sustapen baten ondorioz, B mailara igo dute de Miguel eta 37.000 euro jasotzen ditu urtean.
Oposizioko alderdiek salatu dute ustelkeriaz zigortutakoei ez diela inongo fakturarik pasa praktikan, eta administrazioak lana ematen jarraitzen duela hauei.
Haziko zuzendari Asier Arresek esan du sententzia irmoa izan baino lehen (Auzitegi Probintzialeko epaiari errekurtsoa jarri diote Auzitegi Nagusian) lanpostu publikotik botatzea “oinarrizko eskubideak urratzea” litzatekeela. Bideoan ikus daitekeenez,esan du bereizi egin behar direla kasu honetan alde politikoa “zuei dagokizuena”, alde laborala “Haziri dagokiguna” eta auzi juridikoa, eta “denborak epaileek, alde juridikoak” markatzen dizkiela.
Koldo Otxandianori zazpi urteko kartzela zigorra ezarri dio epaileak. Kontabilitateko teknikaria da Miñano Parke Teknologikoan. Bertako langile zen, eta eszedentziatik lanera itzuli zen epaiketaren erdian.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!