Alde Zaharra beldurtuko dute Ramon Bajo ikastetxeko haurrek Gau Beltzean
"Gau Beltza" ospatuko dute urriaren 31an Alde Zaharreko kaleetan barrena. "Ziri edo sari!" oihukatuz, eskean arituko dira Ramon Bajo ikastetxeko haurrak.
“Gau Beltza” antolatuko du Ramon Bajoko Guraso Elkarteak datorren urriaren 31an, osteguna. Alde Zaharreko gaztetxoenak eskean arituko dira trapu-zaharrez jantzita eta farolatxoak eskuan. Azken urteetan inposatzen ari den “Halloween” jaiaren “eredu kontsumista eta golbalizatzailearen aurrean”, ikuspegi komunitarioarekin eta Arabako ohitura zaharrak oinarri hartuta prestatu dute “Gau Beltza” ekimena.
“Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan, baita Euskal Herrian ere” azaldu dute guraso elkartetik, “aldi berean, iluntasunak eta heriotzaren gaiak elkar beldurtzeko jolasean aritzeko parada eman ohi digu”. Trapu Zaharrak erabiliko dituzte mozorro gisa Alde Zaharreko haurrek eske errondan zehar. Guraso elkartetik kalabaza naturalekin eta bestelako apaingarriekin dekoratuko dituzte Gasteizko Alde Zaharreko hainbat txoko eta gaztaina erreak ere banatuko dituzte.
Esukarari ere garrantzia berezia eman nahi diote “Gau Beltzean”. “Herrietako ospakizunek komunitatea bera harremanetan jartzeko funtziopa” betetzen dutela iritzirik, euskararen erabilerarako eremu natural bilakatu nahi dute urriaren 31ko gaua. Horretarako “Ziri edo sari!” formula erabiliko dute haurrek eskean dabiltzaten bitartean.
Mozorro prestaketa eta Gau Beltza
Urriaren 29 eta 30ean “Gau Beltzean” erabiltzeko mozorro eta farolatxoak prestatzeko tailerra prestatu dute. arratsaldeko 16:30etan, Ramon Bajo ikastetxeko patioan bertan. Mozorro eta farolatxoak “Gau Beltzean” erabiliko dituzte, urriaren 31an. Egun horretan eske-erronda burutuko dute 19:00etatik 21:00etara Elantxobe parketik hasita, bertan gaztaina erreak eta krispetak banatuko dituzte. Gauari amaiera emateko txokolatada egingo dute Santo Domingo kalean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!