Akanpada hasi dute Udalatxe aurrean GKS eta Etxebizitza Sindikatuak, txosnaren auzia dela eta irtenbidea eskatzeko
Gasteizko GKS eta Etxebizitza Sindikatuak akanpada hasi dute Udaletxearen aurrean, Plaza Berrian, txosnetako "beto politikoa" salatu eta Udalari aterabide bat exijitzeko. Poliziak itxi egin du plaza.
Bertso-poteoa antolatu dute gaur Gasteizko GKS eta Etxebizitza Sindikatuak, salatzeko “Txosna Batzordeak eta ezker abertzaleak ukatu egin diela txosna jartzeko eskubidea”.
Horren ostean, arratsaldeko 20:00ak aldera, akanpada hasi dute Udaletxearen aurrean, Plaza Berrian, Udalari, hura arduraduntzat duten heinean, irtenbide bat exijitzeko. Espazio publikoa erabiltzeko eskubidea eskatzen dute txosna jartzeko.
Dozenaka lagun elkartu dira Plaza Berrian kanpadendekin, gaua pasatzeko asmoz. Esan dute ez direla mugituko soluzio bat eman arte.
Ertzaintza bertaratu da. Lehenik, eragileek sare sozialetan zabaldu dutenez, Desgaraian musika taldeak kontzertu akustikoa eman du plazan, eta poliziak identifikatu egin ditu musikariak.
Ondoren, plaza osoa itxi du Ertzaintzak.
Gaueko 23:00ak aldera, Ertzaintzak, plaza osoa itxita zuela, indarrez kanporatzeko eta milaka euroko isunak ezartzeko mehatxua egin die kanpaldian ziren GKS eta Etxebizitza Sindikatuko kideei. Horren aurrean, plaza utzi dute eta larunbateko manifestaziora deitu dute.
Duela jada ordubetetik plazako sarrera guztiak itxi ditu poliziak pic.twitter.com/4dAKT0X0OR
— Gasteizko GKS (@GKS_Gasteiz) May 4, 2023
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!