AHTak estaliko dituen aztarna arkeologikoetan elkarretaratzea egingo du igandean Araba Bizirikek
AHTaren obrek galtzada erromatar bat eta K.a. 3000. urteko herrixka bat estaliko dituzte Jundiz inguruan.
Araba Bizirik eta AHTaren aurkako plataformak ekimen bat antolatu du bihar, Apirilaren 2an, “Gure ondarea defendatu! Tren Soziala aurrera!” lelopean. Aztarna arkeologikoen inguruko hitzaldira deitu dute goizeko 11.00etan, eta ondoren AHTaren obretan elkarretaratzea egingo dute 12.00etan.
Qark Arkeologia taldeak bi aurkikuntza egin ditu Tresponde eta Jundiz artean. Astorga eta Bordele lotzen zituen “Iter XXXIV” galtzada erromatarraren zati bat topatu zuten, kontserbazio egoera onean, eta ikerketarako aukerak zabaldu dira galtzadaren eraikuntzari buruz informazioa eman dezakeelako. Bestalde, K.a. 3000. urte inguruko herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte, Neolito garaian erabilitakoa, erromatarrak heldu baino lehen.
Bi aurkikuntza hauek arriskuan daude, AHTaren obrek aste gutxi barru estali egingo dutelako aztarnategia. Qark enpresako arkeologoak aztarnak ateratzen ari dira, obrek suntsitu baino lehen. Araba Bizirik taldeak arkeologoen hitzaldira joateko deialdia luzatu du iganderako. Goizeko 11.00etan Jundiz industrialdea eta Tresponde herriaren arteko puntu honetan elkartuko dira, indusketa gunearen sarreran, eta aurkikuntza hauei buruzko informazioa jasoko dute. Ondoren, eguerdiko 12.00etan elkarretaratzea egingo dute AHTaren obretan bertan, Tren soziala aldarrikatu eta “Gure ondarea” defendatzeko.
Manifestazio nazional bat ere iragarri dute Araba Bizirikeko kideek, Maiatzaren 20rako. “Lurraren defentsan, Euskal Herria Bizirik” izango du leloa, eta San Anton plazatik irtengo da manifestazioa, arratsaldeko 18.00etan, Gasteizen.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!