AHT-ren proiektuaren aurkako jende uholdea Agurainen
“AHTrik EZ Lautada” Plataformak deituta, Araba eta Nafarroako hiriburuak elkartzeko Espainiako Sustapen Ministerioak aurkeztu duen Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurkako manifestazioa babestu dute ehunka lagunen Lautadan.
Aguraingo kaleetatik barrena egindako manifestazioaren inguruko oso balorazio positiboa egin du “AHTrik EZ Lautada” Plataformak. Plataformako Amaia Zufiaurreren esanetan, “plataformaren 5 hilabeteko ibilbidean egindako lanarekin oso pozik gaude eta lorpen garrantzitsuak izan ditugu epe labur honetan. Garrantzitsuak izan dira adibidez 20 egunetan jaso genituen proiektuaren kontrako 7.000 alegazioak, edo Lautadako Udalerri guztien proiektuarekiko kontrako adierazpen instituzionalak eta gaurko manifestazio jendetsuak proiektu hau behin betikoz geldiarazteko borrokan beharrezko izango ditugun indarrak emango dizkigu”.
Plataformak presente izan ditu gaurkoan abiadura handiko proiektu ezberdinen mehatxupean dauden Arabako beste lurraldeak ere, hau da, Mirandatik Gasteizera bitartean dauden Arabako Bailarak eta Arabar Errioxa. Araban proiektatuta dauden abiadura handiko trenbide guztien aurka indarrak batzeko eskualde ezberdinen arteko elkarlana bultzatzea proposatu du plataformak.
“Proiektu suntsitzaile hauen aurrean bada alternatiba erreal bat, askoz ere ekonomikoagoa eta gure ingurunearekiko kaltea minimizatzen duena. Alternatiba hori gaur egungo trenbideen modernizazioan datza eta, trenbidearen zabalera internazionala egokitzeko hirugarren hari bat ezarriz, edozein trenen erabilpena bermatuko litzateke eta herritarren mugikortasun beharrak ere ase daitezke kalitatezko Tren Sozial publiko baten zerbitzua eskainiz”.
Mobilizazioa amaituta, Plataformak datozen asteetan egingo dituzten ekimenen berri eman du. Uztailaren 28 eta 29an bizikleta martxa antolatuko dute Miranda eta Altsasu artean eta abuztuaren 3tik 9ra Gasteizko jaietan “Berriztu” eta “AHTrik EZ Arabako Haranak” Plataformekin batera txosna bat elkarbanatuko dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!