AHT-ren obrek Aramaion sortutako kalteak ez dituzte oraindik konpondu
Arazoak 2008an hasi ziren, lur jauziekin eta irteerarik gabe utziz zenbait lursail. EH Bilduk Aramaioko alkatearen eta ADIFeko arduradunen agerraldiak eskatu ditu, baina enpresako arduradunaren erantzunik ez dute jaso.
AHT-ren obrak amaitu eta bi urte igaro direnean, enpresa arduradunak oraindik ez du eremua garbitu. Zikinkeria, obra-hondakinak, hesiak eta luze abar bat botata dago herrian azken lanak amaitu zirenetik.
AHT-ren lanek Aramaion eragindako kalteak eta arazoak larriak direla salatu du EH Bilduk ohar batean.
2008an hasi ziren kalteak
Arazoen eta kalteen zerrenda luzea da. 2008tik lur jauziak egon dira inguruan eta irteera gabe utzi dituzte hainbat lursail. Horretaz gain, desjabetzeak eguneratu gabe daude eta bertako herritarrek gehiago ordaindu behar dute zergetan.
Hori gutxi balitz, hainbat bide eta errepide guztiz suntsituta daude.
2010. urtean, lur jauzi oso larri baten ostean, errepide nagusia itxita egon zen 18 hilabetez eta bigarren mailako beste errepide eta landa bideak erabili ziren Aramaio-Arrasate bidea egiteko.
Gaur egun, gide hauek guztiz suntsituta daude eta konpontzeko konpromisoa hartu zuten arren, ez da ezer egin azken urteotan.
Aurreko abenduan, EH Bilduk Aramaioko alkatearen eta ADIFeko arduradunaren agerraldiak eskatu zituen. Ostiral honetan, Lierni Altunak egoeraren berri emango du Bide Azpiegitura eta Mugikortasunaren batzordean.
ADIFeko arduradunak, berriz, ez dio erantzun EH Bilduk egindako eskaerari. ADIF obretako enpresa arduraduna da, baina beste enpresa txiki bat azpikontratatu zuen, garbiketa lanak ere bere esku utziz. Oraindik ez dituzte kalteak garbitu eta Arabako Aldundiak ez ditu errepideak konpondu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!