AHT-ren aurka eta tren sozialaren alde, larunbatean Gasteizko kaleak betetzeko deia egin dute eragile ezberdinek
Larunbat eguerdian izango da orain dela hilabete batzuk Arabako hiriburuan iragarritako manifestazioa. Antolatzaileen esanetan, "proiektu guztiak hasi gabe daude eta garaiz gabiltza gelditzeko".
Urtebete igaro da Espainiako Sustapen Ministerioak Arabari zuzenean eragingo dizkioten AHTren hiru proiektu ezagutarazi zituenetik: Euskal Y Iruñarekin lotzeko asmoarekin, Arabako Lautadari eta Gasteizko ekialdeari eragingo dion azpiegitura; Burgos eta Gasteiz arteko eremuan, Arabako Haranetan eta Gasteizko mendebalean dauden eremuak kaltetuko dituena; eta, azkenik, Logroño eta Miranda arteko lineak, ondorio larriak eraginez Bastidan, Zanbranan eta Buradon Gatzagan.
Urtarrilean, Gasteizen AHT-a sartzeko proiektua aurkeztu zen, udalerriko 14,3 kilometrotan eragina izango duena, hauetatik 3,6 kilometro lur azpian eraikiz. Besteen artean, inpaktu handia izango luke Krispiña, Zabalgana, Ali, Borinbizkarra, Salburua, Arkaiate, Arkaia, Arkauti, Ilarraza, Jungitu eta Zurbaon. Proiektu berdinean, lau errailetako bide bat aurreikusten da, hiri erdian.
Aurrekontua ere ez da makala: 4.500 eta 6.000 milioi euro inguru proiektu hauek egiteko. Hau, beti obra hauek izaten dituzten gainkostuak kontuan hartu gabe.
Txanponaren beste aldean, gero eta jende gehiago agertu da proiektu hauen aurka eta horren erakusle dira Arabako eskualde ezberdinetan sortutako plataformak, modu bateratuan Gasteizen agerraldia egin dutenak maiatzaren 18ko manifestazioa aurkezteko. “Proiektu guztiak hasi gabe daude eta garaiz gabiltza gelditzeko”, azpimarratu dute. Manifestazioa, gainera, hauteskunde kanpainan kokatu dute, nahita, “funtsezkoa iruditzen zaigulako gai hau kanpainaren erdian egotea eta Araban eraiki nahi dituzten proiektuei dagokienez alderdi politikoekin konpromiso bat lortzeko lanean ari gara”.
Larunbatean San Anton plazatik 12:30etarako aterako den manifestaziorako atxikimendu ugari lortu dituzte dagoeneko antolatzaileek: Lautadako Udal eta Kontzeju guztiak, Zanbrana, Lantaron, Manzanos, ELA; LAB, ESK, STEILAS, UAGA, Arabako Emakumeen Asanblada, Arabako Pentsionistak lanean, Gazte Mugimendua, Berriztu, Klimaren Aldeko Mugimendua, Gasteizko 10 auzo-elkarte baino gehiago… Eta manifestazioaren ostean, herri bazkaria eta jaialdi bat egingo dute Gasteizko Alde Zaharreko Auzolana Pilotalekuan: zirkoa, puzgarriak, ipuin kontalariak eta kontzertuak egongo dira. Manifestazioaren sustatzaileek argi dute: tren publiko eta sozialaren aldekoak dira.
Trena bai, baina soziala eta publikoa
Maiztasunak handitu daitezela eta egungo azpiegiturak egokitu daitezela eskatzen dute, hirugarren haria ezarriz (Astigarragan eta Irunen egiten ari diren moduan).
Europako Garraio Batzordeak baieztatu du Espainiako Estatuan, abiadura handia ez dela bateragarria salgaien garraioarekin. Halaber, Europako Kontuen Auzitegiak dio AHTren linea berriak gainkostu eta atzerapen larriak jasaten ari direla.
Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa baten arabera hiriburuen arteko joan-etorriak %1 baino gutxiago dira eta, Estatu Frantsesean, abiadura handiko trenetan egiten diren bidaien estatistikek erakusten dute errenta handia duten pertsonek erabiltzen dutela tren mota hau.
Larunbatean da hurrengo zita, 12.30ean, Gasteizko San Anton plazatik. Hauteskunde-kanpainaren ekuatorean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!