‘Agur 78’ dinamikaren bizikleta martxa eten du Ertzaintzak
Aste osoan zehar ekimenak, hitzaldiak eta mahainguruak antolatzen ibili ostean, martxoaren 2an arratsalde osoko egitaraua zuen antolatuta ‘Agur 78’ dinamikak. Bazkariaren ostean, indar okupatzaileen aurkako bizikleta martxari ekin diote gazteek, Arakaraino kuarteleraino eramanez euren aldarrikapenak. Bueltan, baina, Abetxukun eten du Ertzaintzak martxa, hainbat gazte identifikatuz. Dinamikako gazteek adierazi dutenez, 11 izan dira identifikatuak, mozal legearekin mehatxatuz.
Martxoaren 3ko testuinguruan aurkeztu zuten aste osoko egitaraua aurreko astean. Azaldu zutenez, “orain dela 42 urte bezala, borrokan jarraitzeko arrazoiak inoiz baino indar gehiagorekin mantentzen dira”. Kontestu honetan, gazteek garaiko borroka-bide luze horretan berresteko hautua egin dutela adierazi zuten, kapitalismoari alternatibak eraikitzeko apustua eginez.
Martxoaren 3an, Gazte Blokea antolatu dute, omenaldi nagusiarekin bat egiteko. Blokea, 18:00etan hasiko da, Hala Bedi Tabernan; omenaldia eta manifestazioa, 18:30etatik aurrera Martxoak 3 plazatik.
Eleak Gasteizek, ohar batean, parte-hartzaileen eskubide zibil eta politikoak urratuak izan direla salatu du: “1976Ko Martxoaren 3ko langileek jasan zuten errepresio hori gaur egunera iritsi dela salatu dute Agur 78 dinamikako kideek. Gu ere horrekin bat gatoz, horregatik guztion eskubide zibil eta politikoak babestuko dituen jendarte justu bat nahi dugu eta horren alde borrokatuko gara”, adierazi du eskubide zibil eta politikoen aldeko dinamikak.
Izen aldaketak
Martxoaren 3an bertan, Gasteizko bost plaza izen berriekin jaio dira.’Agur 78′ dinamikak sare sozialetara igotako argazkietan ikus daitekeenez, 1976an eraildako bost langileen izenekin batailatu dituzte plazak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!