Agerraldia egingo dute igandean Laudion Tubacexen grebako auziperatuei elkartasuna adierazteko
20 urteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte 6 pertsonentzat, Tubacexeko langile zein Aiaraldeko bizilagunentzat, greban parte hartzeagatik. Tubacexeko lantegiaren aurrean elkartuko dira igandean 12:00etan.
2021eko urrian itzuli ziren lanera Tubacexeko langileak, 236 egun greban egon ondoren. Baina greba horretan parte hartzeagatik ondorio penalak jasan ditzaketen sei pertsona daude oraindik Aiaraldean. Tubacexeko langileak dira horietako hiru, eta eskualdeko herritarrak beste hirurak. Denak kontuan hartuta 20 urte inguruko zigorra eskatzen diete grebako gertakari ezberdinengatik.
Errepresio kasu berri hau salatu eta epaiketen nondik norakoak emateko agerraldi masiboa antolatu dute igande honetan, ekainaren 11n, Laudioko Tubacexen lantegiaren aurrean, eguerdiko 12:00etan. Bertaratzeko dei egin dute antolatzaileek, eta laneko erroparekin hurbiltzera gonbidatu dituzte inguruko langileak.
Tubacexeko langileak diren hiru auziperatuei 36, 21 eta 18 hilabeteko zigorrak eskatzen dizkiete, desordenak eta agintearen aurkako erasoak egotzita. Eskualdeko herritarrei berriz, “kargu antzekoekin”, 4 urte eta 7 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen diete bakoitzari, Saratxoko piketeetan parte hartu izana leporatuta.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!