“Aernnovaren etorkizuna ez dago inondik inora kolokan”
Mobilizazioak berehala martxan jarri dituzte Aernnovako langileek; ehun kaleratze iragarri ditu enpresak, eta denbora kontra dute. through Alea.eus
Aernnovak iragarri du 100 langile kaleratuko dituela Berantevillako lantegian, beharginen %22; eta kaleratzeak dagoeneko hasi dira Miñaoko ingeniaritza sailean. Aernnovako langileak kaleratzeen kontra mobilizatzen hasi dira, eta hurrengo egunetan elkarretaratze gehiago antolatu dituzte. Juan Carlos Gomez enpresa batzordeko lehendakariaren esanetan, ez dituzte kaleratzerik onartuko, “ez ehun ez bat”. Kaleratzeen ordez, behin behineko neurriak exijitzen dituzte.
Enpresak ehun kaleratze iragarri ditu Berantevillako lantegian; negoziatzen hasi zarete?
Iragan astean jakinarazi ziguten, eta negoziatzeko lehen bilera aste honetan bertan izan dugu; hilabete inguru iraungo du prozesuak. Enpresaren proposamena baztertzeko arrazoiak eman genituen, eta informazio gehiago eskatu genuen. Hurrengo bileretan proposamenak aurkezteko aukera izango dugu, teknikoagoak izango dira.
Horrelako erabakia etorriko zela espero zenuten?
Bai. Sektore guztia dago antzeko. Bagenekien Covid-19aren krisia erabiliko zutela horrelako zerbait egiteko. Gure ustez, krisia baliatu nahi dute kaleratzeak egiteko eta etekinak ziurtatzeko. Enpresaren etorkizuna ez dago inondik inora kolokan. Ekonomikoki oso ondo dago, taldeak azken bost urteetan etekinen errekorra lortu du, 290 milioi euro lortu ditu, marka guztiak hautsita.
Covid-19aren krisiarekin galerak izan dituztela esan dute.
Kaleratzeekin batera zabaldu dute galerak izan dituztela, baina orain arteko irabaziez ez dute ezer esaten. Lotsagarria da.
Erabakiaren atzean zer dago, zuen ustez?
Etekinen maila gero eta handiagoa ziurtatzea. Ez dute inongo arazorik denbora tarte honi eusteko, bi edo hiru urte iraungo duena, ABLEEen bidez edo behin behineko neurri ekonomikoen bidez, baina kaleratzeak egiteko aprobetxatu nahi dute. Urteak dira saiatzen ari direla jendea kaleratzen. Langileen taldea gero eta txikiagoa da. Berantevillako fabrikatik, azken hamar urteetan, 150 langile joan dira, lanpostu finkoak desagertu dira, eta aurretik lanpostu gehiago galdu ziren. Gero eta jende gutxiago gara. Enpleguaren suntsiketa aspalditik dator. 2015. urtean saiatu ziren 40 edo 50 lagun kaleratzen, gelditu genuen erasoa, baina gogoz geratu ziren. Orain, berriz, aitzakia bilatu dute.
Berantevillako produkzioa beste toki batera mugitzeko asmoa susmatzen duzue?
Momentu honetan ez dute egingo, baina beti ari dira hemengo kostuak oso altuak direla esaten, eta saiatzen dira lanpostuak sortzen beste toki batzuetan. Lanpostuak galtzen baldin badira, horiek ez dira hemen sortuko berriro, estatuko edo munduko beste toki batera mugituko dituzte, bilatuko dituzte diru-laguntzak beste nonbaiten. Hemen prototipoen lantegi batzuk utzi nahi dituzte, politak geratzen direnak politikariak joateko argazkia egitera hauteskundeetan; baina soilik robotizazioa eta mekanizazioa saltzeko, eta produkzioan sartzen direnean Mexikora eramango dituzte. Aspaldi ere fusio bat egin nahi dute: Aernnova, Alestis eta Aciturri dira Airbus egiteko azpikontratatutako enpresa handienak, eta fusioek beti eskatzen dute lanpostuak kentzea.
Diru-laguntzen harira, EH Bilduk salatu du Aernnovak laguntza publikoetan zazpi milioitik gora jaso dituela euskal administraziotik.
Gure enpresa Gamesa Aeronauticatik dator. Hemen ez zegoen industria aeronautikorik, eta Eusko Jaurlaritzak diru mordoa inbertitu zuen hori sustatzeko; lanpostu ugari sortu ziren, eta, geroztik, gero eta gutxiago gara. Diru publikoarekin sortutako sektorea da, eta estrategikoa Euskal Herrian, 25 urteko esperientzia duten profesionalak gara, oso lanpostu teknikoak, eta guztia galtzen ari da. Hori ezin da onartu. Administrazioak sartu behar dira auzi honetan.
Zer eskatzen diozue zehazki administrazioari?
Lehenengo momentutik hasi ziren kaleratzeak justifikatzen, esanez ahalik eta gutxienak izatea espero zutela, egoera estrukturala dela… eta hori guztia gezurra da. Oso inportantea da esatea egoera koiunturala dela, eta ez estrukturala, eta hala izanik ezin dutela kaleratu jendea. Argi eta garbi dago egoera hau sortu dela krisiarekin, eta txertoak izaten direnean konponduko da, epe ertain batean. Hori guztiok dakigu. Produkzioa oso azkar jaitsi da, baina, era berean, oso azkar berreskuratuko da. Behin behineko neurriak hartu behar dira, beste guztia da etekin ekonomikoa handitzen jarraitu nahi izatea.
Zein da Aernnovako zuzendaritzari helaraziko diozuen proposamena?
Enpresari argi eta garbi esan diogu kaleratzerik ez dugula onartuko, ez bat, ez ehun. Esan diogu negoziatzeko prest gaudela unean uneko neurriak.
Zer nolako jarrera ikusten duzue enpresaren aldetik?
Itxia. Erabat. Haiek badakite baliatu behar dutela pandemia jendea kaleratzeko, eta horretan daude. Eta guk oso argi dugu mobilizazio handia izan behar dela enpresa eta instituzioak mugiarazteko. Mobilizatu gabe erakundeek ez dute presionatuko, haien inplikazioa eta ardura ezinbestekoak dira.
Zer mobilizazio aurreikusi dituzue?
Ostegun honetan dugu Eusko Jaurlaritzarekin bilera bat, lau orduko lanuztea egingo dugu eta kontzentrazioa egiteko elkartuko gara bertan. Gainera, larunbatean, hilaren 28an, Aernnova talde osoko langileok manifestazioa egingo dugu, 18:00etan, Bilbo plazatik abiatuta. Bilera eskatu diogu, baita ere, Gorka Urtaran Gasteizko alkateari.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!