Adolfo Domínguezek bost auzokide epaitegietara eramango dituela salatu du Talka kolektibo feministak
Elkartasun argazkia egiteko deialdia egin dute, astelehenetan, azaroaren 30ean, 19:00etan Matxete plazan.
Datorren azaroaren 30ean, astelehenean, Gasteizko Alde Zaharreko bost bizilagun epaituak izango dira, aurreko maiatzean TALKA espazio feministaren desalojoarekin erlazionatuta. Kolektibotik salatu dutenez, agindu judizialik gabe egin zuten desalojoa, elkartasuna eta salaketa ekiditen zituen konfinamendua baliatuta.
2019ko abenduan okupatu zuten TALKAko kideek hamarkada bat hutsik zeraman Adolfo Dominguezen lokala. Izan ere, lokal hori okupatzea aukeratu zuten “Udalak Alde Zaharrean baimendu dituen ustelkeria, espekulazioa eta gentrifikazioa salatzeko” asmoarekin.
Zentzu honetan, TALKAko kideek salatu dutenez, Adolfo Dominguezek berak onartu zuen haren mesederako tratua lortu zuela Udalarekin, lokalen salerosketara adosteko. Hala ere, ez dago salerosketa horren inguruko informaziorik, Udalaren jabetzapeko lokala izanik, ALHAOn publikatzea (Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala) derrigorrezkoa den arren.
Azken urteetan Alde Zaharreko bi lokal okupatu dituen TALKA kolektibo feministak” auzoa(n) bizi eta defendatzeko modua” epaitzen ari dela salatzen du, “ez dagoelako auzoan bizitzerik auzoa defendatu gabe”. Hori dela eta, elkartasun argazkia deitu dute astelehenean bertan 19:00etan Matxete plazan.
TALKAtik ondorioztatu dutenez, “behar indibidualen aurrean erantzun kolektiboak bilatzen eta legalitate kapitalistatik at zilegitasunak eraikitzen jarraituko dute”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!