Abendura arteko kontzertu-sorta aurkeztu du Muinoko Hotsak-ek
Ostiralean itzuliko da Muinoko Hotsak Gasteizko Gaztetxera, Libe eta Jupiter Jon taldeekin. Hala Bedik eta Gaztetxeak antolatzen duten ekimenak abendura arteko kontzertuak iragarri ditu, besteak beste, Anestesia, Tara edota D-Tox izanik protagonistetako batzuk. Irailaren 21ean, urriaren 20an, azaroaren 16an eta abenduaren 14an izango dira saioak.
Gasteizko Gaztetxeak eta Hala Bedik antolatzen duten Muinoko Hotsak ekimena irailaren 21ean, ostiral honetan itzuliko da oholtza gainera. Filosofia berdina jarraituz, Arabako musika talde bat eta kanpoko beste bat bilduko dituzte muinoko etxean hilabetean behin.
- Irailak 21 | Ostiral honetan, Libe gasteiztarrek Ilargia erori da diskoa aurkeztuko dute. Taldeak iragarri duenez, azken aukeretako bat izango da boskotea Gasteizen ikusteko, atseden bat hartu aurretik. Gaua borobiltzen, Bidasoa aldeko Jupiter Jon taldea arituko da, %100 Bidehuts, beraien proposamen interesgarriarekin.
- Urriak 20 | Ohikoa ez den arren, larunbatean izango da urriko jaialdia. Anestesia zarauztarrek duela 25 urte kaleratu zuten Gorrotoaren Ahotsa diskoa eta datozen hilabeteetan kontzertu solte batzuk eskainiko dituzte Euskal Herrian zehar. Haiekin batera, No Regret gasteiztarrak Eres Polvo lanik berriena aurkeztuko dute bero-bero egongo den gaztetxean. Sarrera asko saldu diren arren, oraindik geratzen dira.
- Azaroak 16 | Azaroan bi proposamen interesgarri izango dira. Batetik, Tara gasteiztarrak, taldearen izen bereko diskoa aurkezten. Eta bestetik, pop elektronikoa egiten duen Lumi bikote lapurtarra.
- Abenduak 14 | Urte amaizeko jaialdiak punk-rock zaporea izango du. D-Tox taldeak Demolición diskoaren aurkezpen bira amaituko du asteburu horretan, ondoren atseden hartzeko. Beraiekin, Bartzelonako Paüra taldea izango da oholtza gainean. Paüra nazioartetik etorriko den lehen taldea izango da.
Sarrerak Hala Bedi Tabernan daude salgai: saio bakoitzeko, 5 euro.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!