Arabako erresidentzia pribatuetako langileek mobilizatzen jarraitzeko deia luzatu dute
Prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Arabako erresidentzia pribatuetako langileek. Urtebete baino gehiago daramate, besteak beste, langile kopuru murritzari eta soldata baxuei aurre egingo dien hitzarmen kolektibo baten aldeko borrokan.
Probintzia Plazan elkarretaratzea egiten duten hamaseigarren asteazkena izan dute gaurkoa Arabako adinekoen egoitza pribatuetako langileek. Iragan otsailaren 6an urtea bat bete zen sektore honetako langileak kalera lehendabizikoz atera zirenetik. Hilabete guzti hauetan lantokietan pairatzen duten babesgabetasun eta prekarizazio egoera jendarteratu dituzte eta mobilizatzen jarraitzeko deia luzatu dute.
Arabako “Pentsionistak Martxan” mugimenduko kideen babesa jaso dute gaurko agerraldian. Sektoreak bizi duen egoerak ahalik eta lasterren konponbidea behar duela aldarrikatu dute, “adinekoen jasotzen duten arreta duin bihurtzea egin behar etikoa da” azaldu dute.
«Soldata baxuak eta lan karga handia» horrela deskribatzen dute sektore feminizatu honetako langileek euren eguneroko jarduna. Langile kopuru urriak gainera eginbehar konkretuak betetzeko kualifikazio falta suposatzen du. Sektoreak pairatzen dituen gabezia guzti hauek zentro txikietan «larriagoak» direla salatu dute, non familia-kontziliazioa «ia ezinezkoa den».
Arabako erresidentzietako langileek 997 euro gordin kobratzen dituzte Bizkaia eta Gipuzkoako langileek baino 200 ordu gehiago egiten dute lan urtean bataz beste. Gaixotu ezkero lehenengo lau egunetan ez dute ezer kobratzen eta 4. egunetik 20. egunera soldataren %60a, hortik aurrera soldataren %75 jasotzen dute.
Araba mailako lan-hitzarmena lortzea xede
Estatu mailako lan hitzarmena izanik Arabako adinekoen erresidentzietan indarrean dagoena, asko zailtzen du lan baldintza duinen negoziaketa. Bizkaia eta Gipuzkoako erresidentzietako langileen lan baldintzekin parekatzea dute helburu Arabako egoitza pribatuetako langileek. Bi herrialde hauetan mobilizazio luzeen ondorioz lortu dituzte soldaten eta lanorduen hobekuntzak besteak beste.
Araba mailako lan-hitzarmena lortzeko bidean egoitza pribatuen sektoreko patronalen eta alderdi sozialen artean negoziazio mahai bat osatzea eskatu dute. Bide horretan mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute gaurko elkarretaratzean: bi asterik behin, asteazkenetan, Probintzia plazan elkartuz. Datorren astelehenean, gainera, pentsionisten mugimenduarekin batera manifestatuko dira Gasteizko kaleetan zehar eta aldarrikapenak Arabako foru Aldundiraino eramango dituzte.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!