Gasteizko kaleak hartuko ditu Mugimendu Feministak larunbatean, Greba Orokorrarekin bat eginez
Greba Orokorrerako deialdia zabaltzeko kalejira egingo du larunbatean, urtarrilak 18, Gasteizko Mugimendu Feministak. "Nosotras paramos el carro" lelopean duela 44 urte Gasteizko kaleak hartzera ateratzen ziren emakumeen* eredua izango dute gogoan Andra Mari Zuriaren Plazatik abiatuko den ekimenean.
Bi aste falta dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako deituriko Greba Orokorrerako eta eragile eta mugimendu desberdinak hasiak dira giroa berotzen. Gasteizko Mugimendu Feministak kalejira antolatu du larunbat honetarako, urtarrilak 18, 13:00etan Andra Mari Zuriaren Plazatik.
“Nosotros paramos el carro” lelopean Greba Orokorraren aldarria lau haizetara zabaltzea dute helburu. Ez da ausaz erabakita leloa, karroa sinbolo bezala erabili nahi baitute. 1976an, *fabriketara joaten ziren langileei elkartasuna adierazteko, Gasteizko kaleak astero hartzen zituzten milaka emakumeen eredua jarraituko dute, “emakumeon* zapalkuntzen inguruan eztabaidatu eta subjektu polítiko gisa diskurtso polítiko propioak eraiki eta sistemaren ertz guztiak aztertu zituzten” mobilizazio horietan. Duela 44 urte poltsa hutsa bilakatu zen emakume* horien borrokaren ikur eta oraingoan karroa baliatuko dute.
“Azken urteetako mobilizazio feministetan gauza bat oso argi utzi dugu; heteropatriarkatuaren aurpegi oro gelditzera goaz!” azpimarratu dute Mugimendu Feministako kideek, eta, datorren Greba Orokorrean kontundentzia berdinarekin erantzungo dutela gaineratu ere: “ez dugu bizitza prekariorik onartuko, sistemak inposatzen digun izateko eta sentitzeko moduen aurrean, indarkeria matxistarik eta heteroaraurik gabeko bizitzaren alde borrokatuko garelako eta bizitzako esparru guztietan herriei subiranotasuna itzultzea exijitzen dugulako”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!