Akordioa erdietsi dute Elecnor Telecomunicacioneseko langileek zuzendaritzarekin
Hilabete baino gehiago luzatu den greba mugagabeak amaierara jo du gaur, urtarrilak 16, Elecnor Telecomunicacioneseko langileek zuzendaritzarekin akordioa sinatzea erabaki ostean. LAB sindikatuak Elecnorreko langileen "konpromisoa eta irmotasuna" goraipatu ditu.
Hilabete baino gehiago, 38 egun luzatu da Elecnor Telecomunicaciones enpresako langileek lan baldintzen hobekuntzaren alde burutu duten greba mugagabea. Beharginek gaur jo dute bukatutzat greba enpresako zuzendaritzarekin akordioa sinatu ostean, langile asanbladan horrela erabakita. PRECOren bulegoetan sinatu dute akordioa.
Akordioak plantillaren lan baldintzak hobetuko ditu, eta, langileek “aldarrikatzen zuten guztia” lortu ez den arren, eskuratutako hobekuntzak ikasturte hasieratik burututako greba egunen eta abenduaren 9tik aurrera abiatutako greba mugagabearen fruitua izan da. Zentzu honetan LAB sindikatuak langile borrokaren garrantzia azpimarratu eta Elecnorreko beharginen “konpromisoa eta irmotasuna” goraipatu ditu.
Besteak beste, soldata igoerak, behin-behinekotasunaren murrizketa, bulegoetako langileen egoera hobetzea eta 16 urtez plantillako kide batek jasaten zuen diskriminazioarekin amaitzea erdietsi du gaur sinatutako akordioak. Akordioari esker, hainbat langilek behin-behineko kontratua kontratu mugagabe bihurtua ikusiko dute eta Elecnorreko langile guztiek 100 eta 350 euro bitarteko soldata igoera izango dute.
Elecnorreko langileak: elkartasun eta konpromisoaren eredu
Ez da erreza izan Elecnor Telecomunicaciones enpresako langileentzat honaino iristea, azken hilabeteetako greba eta mobilizazioen ondorio xantaia eta presio askori egin behar izan diote aurre. Zuzendaritzak hasieratik erakutsi du negoziatzeko borondate falta baina azkenean lortu dute akordio bat sinatzea. “Borroka eredugarri baten ostean Elecnor bezalako enpresa handi bat Gasteizko tailer txiki bateko langileekin hitz egitera eseri behar izan da” azaldu dute LABeko ordezkariek.
“Elkartasun eta irmotasun” eredu izan dira langileak. Elkartasun horren adibide da, esaterako, greban zeuden langileen behin-behineko egoera konpondu arte greba amaitutzat ez ematearen erabakia hartu izana. Aldi baterako kontratua zuten langileen konpromisoa ere eskertu du LAB sindikatuak igorritako oharrean: “enpresan ez jarraitzeko arriskuaren aurrean greban mantendu baitira”.
Zuzendaritzaren negoziatzeko borondate eza
Greba mugagabea luzatu den aste guzti hauetan zehar, enpresak ez du langileekin batzartzeko inongo borondaterik erakutsi, gatazka blokeatzeko zuen nahiaren isla. Hiru aldiz batzartu da aurrez aurre zuzendaritza langileekin greba eta mobilizazioak abiatu zituztenetik, azken bi bilerak aste honetan bertan egin dituzte, greba mugagabearen lehen hilabetea igarota. Gainontzeko komunikazioak posta elektroniko eta telefono bidez mantendu dituzte.
Negoziazio apur horiek, gainera, ez dira batere errezak izan langileen ordezkarientzat. Bi aldeen arteko hurbilketa bat egon den aldiro edo langileek gatazka desblokeatzeko urratsak eman dituztenean aldagai berriak sartu ditu zuzendaritzak negoziazioan edo aurretik onartutako puntuak erretiratu ditu akordiotik. Hori gutxi balitz, akordioa hurbil zegoen unean lan gatazka gehiago luzatzeko erabakia hartu du Elecnorreko zuzendaritzak plantilla higatzeko asmo hutsarekin.
Negoziatzeko borondate faltari langileen greba eskubidearen aurka enpresak abiatutako kanpaina batu behar zaio gainera. Bizkaia eta Nafarroako langileak bidali ditu greban zeuden Arabako langileen lanak betetzera, azken hauen greba eskubidea urratuz.
Aurrera begira
Gaur sinatutako akordioak amaiera ematen dio azken hilabetean Elecnorreko langileek aurrera eramandako greba mugagabeari, baina asko dute borrokatzeko oraindik. “Argi geratu da patronalak ez digula ezer oparituko” azaldu du LABek eta “langileon eskubideak soilik borrokaren bidez eta langile klasea mobilizatuz” eskuratu daitezkela gaineratu dute. Bide beretik dei egin dute datorren urtarrilaren 30erako deitua dagoen Greba Orokorrean parte hartzera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!