Guardia Zibilak Iñaki Ormaetxea Antepararen omenezko plaka erretiratu zuen atzo Urbinako plazatik
Audientzia Nazionalaren mandatuz, atzo kendu zuen Guardia Zibilak Iñaki Ormaetxea Antepararen omenezko plaka Urbinako plazatik.
29 urte igaro dira Guardia Zibilak Iñaki Ormaetxea Antepara Urbinako auzokidea eta ETAko militantea zena erail zuela. Urriaren 1ean Audientzia Nazionalak bere sorterriko plazan jarrita zegoen oroimen plaka kentzeko agindua luzatu zuen eta atzo bertan, urriak 9, erretiratu zuten plaka Guardia Zibilek.
Urbinako plazako plaka kentzeaz gain, plakaren inguruan Administrazio Batzarrak izan zezakeen akta edo bestelako dokumentuengatik ere galdegin zuen Audientzai Nazionalak.
Iñaki Ormaetxea Antepararen erailketa
1991ko abuztuaren 17an erail zuten Iñaki Ormaetxea Antepara Donostiko Morlans auzunean ETAko beste bi kiderekin batera, Patxi Itziar eta Jokin Leunda. Ormaetxeak 24 urte zituen.
Guardia Zibilak ETAko hiru militanteak gordetzen ziren etxea inguratu zuen, bertsio ofizialaren arabera armamentu ugari eta ke poteak erabili zituzten etxean gordetzen zirenak aterarazteko. Luis Roladanek berak, garaiko Guardia Zibilaren zuzendariak, Donostiara egin zuen bidaia Guardia Zibilaren operazioak zuen garrantzia azpimarratzera.
Hildakoen senideek HBk eta Gestoras pro-Amnistiak, bertsio ofiziala desmontatzen saiatu ziren. Iñaki Ormaetxea Antepara etxeko komunean agertu baitzen hilik, bi bala zauri arinekin, aurpegian zuen hirugarren tiro batek kendu zion bizia; azken tiro hori oso distantzia laburrean egindakoa zen, gorputzetik 25 zentimetrotara.
Orotara zazpi Guardia Zibil egon ziren auzipetuta Ormaetxea, Itziar eta Leundaren heriotzaren harira baina 1993an kasua artxibatu zuten froga nahikorik ez zegoela iritzita.
28 urte geroago, Ormaetxearen erailketan parte hartutako Guardia Zibilek elkarrizketa bat eskaini zuten segadaren basakeria azaltzen. Adierazpen horiek albiste honetan jaso zituen HalaBedik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!