Hiru hilabetetan bi behargin hil dira Tubacex enpresan, guztira, 5 langile azken 9 urteetan
Irailaren 18an zendu zen Tubacex taldeko Aceralavako lantegian -Amurrion- langile bat, eta enpresa bereko azpiegituretan hil zen ere 25 urteko gazte bat uztailean. Biak ziren aiaraldearrak, Laudiokoak. Enpresan ordezkaritza duten guztiek seinalatu dute prekarietatea dela heriotza horien atzean dagoena. through Aiaraldea.eus
Uda gogorra izan da bukatu berri dena Tubacex enpresan. Pasa den astean 59 urteko langilea hil zen bihotzekoak jo ostean, bere ardurak betetzen zituen bitartean. Antza, lanpostuan tenperatura altua zegoen eta bero kolpearen emaitza izan zen heriotza, oraindik argi ez dagoen arren. Eusetek enpresa azpikontratatuko langilea zen M. G. R. izeneko laudioarra.
Printzipioz, Tubacexek ukatu egin zuen zerikusirik izatea gertatutakoarekin, baina zenbait langile ordezkarik gogorarazi zuten enpresan jazotzen diren heriotzak lan istripuak direla.
Hori dela medio, hurrengo egunean mobilizazioak eta protestak egon ziren, baina parte hartzea ez zen apartekoa izan, aintzat hartuta uztailean ehunka lagun batu zirela Tubacex enpresan izandako beste istripua salatzeko. Zehazki, uztailaren 4an makina batek 25 urteko gazte bat harrapatu eta hil egin zuen Tubacex taldeak Laudion duen fabrikan eta gertakariari berehala erantzun zioten bere kideek.
Egunean bertan gelditu zuten ekoizpena beharginek eta hurrengo egunean ere faktoria hutsik egoteaz gain, sarreratik abiatu zen manifestazio jendetsua.
Arratsaldean elkarretaratzea egon zen eta ondoren Ernai
gazte antolakundeko kideek Zumalakarregi etorbideko trafikoa moztu zuten protesta egiteko.
Prekarietatea jomugan
Hilabete gutxiren buruan bi hildako egoteak enpresa berean, derrigorrez, zerbait txarto dagoenaren seinale izan behar du. Gauzak horrela, uztailean jatorria seinalatu zuten sindikatuek: prekarietatea.
Langile ordezkariek azpimarratu zuten Tubacex taldearen politikak etekinak lortzera bideratuak daudela soilik, eta bazterrean ezinbesteko tresnak geratu direla: azpiegituretan segurtasuna bermatzeko inbertsioak, matxuratu diren piezak ordezkatzeko material egokiak, jende nahikoa lanak ganoraz betetzeko eta hutsuneak betetzeko, edota kontratu egonkorrak, beharginek ez ditzaten portaera arriskutsuak hartu enpresako zuzendaritza pozik egon dadin eurekin eta kontratuaren iraupena luzatu diezaieten.
Are gehiago, politika horiek guztiak bultzatu dituztenei izena eta abizena jarri zizkien langile batzordeak: Celestino Danis TTI eta Aceralavako operazio zuzendaria eta bere “morroiak” -beti ere, sindikatuen hitzetan-.
Edonola ere, udan jazotako heriotza horiei beste hiru gehitu behar zaizkie azken 9 urteetan.
Alde batetik, 2010ean Ugaoko gazte bat zendu zen Laudioko lantegian. 2012an bihotzekoa pairatu eta gero beste langile bat zendu zen altzairutegian. Gainera, 2013an azpikontrata bateko 41 urteko behargina hil zen Amurrion.
Enpresa ez da mugitu
Uztaileko heriotzak eskualde osoa astindu bazuen ere, eta nahiz eta ikasturtea beste gorpu batekin abiatu, Tubacex enpresako zuzendaritzak ez du inolako premiarik adierazi egoera horiei aurre egiteko. Izan ere, irailaren 30ean deitu du konpainiak bilera langile batzordearekin. Hau da, ia 3 hilabete igaro direnean lehen istripua gertatu zenetik.
Jarrera horrek bat egiten du enpresan ordezkaritza duten sindikatuek uztailean azaldutakoarekin. Laudioko gaztearen heriotzaren ostean Aiaraldea hedabidea harremanetan jarri zen guztiekin eta denek egin zuten bat puntu batean: ez zela neurri berririk hartu istripuak ekiditeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!