Tara-k kontzertua eskainiko du Gasteizko Txosnetan, banda lehiaketa irabazi ostean
Gasteizko Txosnetako banda lehiaketa irabazita, Tara-k kontzertua eskainiko du Kanpusean kokatuta egongo den txosnagunean.
Gasteizko jaietako txosnetan kontzertua eskainiko duen lehen taldea definituta geratu da: Tara gasteiztarrak. Aurreko ostegunean Banda Lehiaketaren finala ospatu zen Jimmy Jazz aretoan, 40 taldek txapelketan izena eman ostean. Tara, Ostabe, Raust, Paradixo eta Huts taldeak sailkatu ziren finalera, eta epaimahaiak hala erabakita, lehengoak irabazi du.
Banda Lehiaketaren helburua, besteak beste, “talde ez-ezagunei eszenatoki gainean aukera bat ematea da”. Horretarako, edozein taldek parte hartu ahal izan du txapelketan. Banda ezberdinek izena eman ostean 10 talde sailkatuak iragarri zituzten martxoa hasieran sare sozialetan Gasteizko Txosnek: Eh Mertxe!, Paradixo, Huts, Tristtan Mourguy eta Horeba, Raust, Tara, Tooth, Izate Faltsua, Ostabe eta Patx&Run.
10 hauetatik bost finalera igaro ziren: bost horietatik, bat ikuslegoak aukeratu zuen eta beste bat, gutxienez, Arabakoa izan behar zen. Beste batek gutxienez, emakumeen presentzia izan beharko zuen.
Bost talde finalistek zuzeneko kontzertua eskaini zuten ostegunean Jimmy Jazz aretoan. Eta, bukatzeko, bost horietako irabazleak Gasteizko Txosnetan jotzeko aukera izango du, jaietako egun batean. Horretaz gain, 500 euroko saria ere jasoko du Tara talde irabazleak.
Gasteizko Txosnak urtean zehar “lanean etengabe gauden eragileok” osatzen dituztela gogoratu dute. “Aurten, beste urrats bat egin nahi izan dugu eta urte guztian zehar ekimen puntualak antolatzeko ardura hartu dugu”. Ekimen hauen oinarri nagusia parte hartzea izango dela argitu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!