Letra eta irudiekin bildu ditu Errekaleor Bizirik!-ek Martxoaren 3ko gertakari lazgarriak. Gasteizko sarraskitik 43 urte beteko direnean, garaiko irudiak erabili ditu auzo askeak Romualdo Barroso bizilaguna eta gainontzeko langileak oroitzeko.
Igandean, Martxoaren 3an bertan, manifestazio nagusia 18:00etan abiatuko da Zaramagatik.
Letra osorik
Martxoaren 3a da
Errepresio krudela,
Berunez berrezartzea
Diruaren erregela,
Batzuentzat zauri latzak
Besteentzako kartzela
Martinez Ociok odolez
Idatzi zigun eskela
Burgesek jauregia
Eta zeruan partzela
Guk alienazioa ta
Intxaurrondoko kuartela
Argi ikusi genuen
Aurrekoetan bezela
Mende berri hontan ere
Desjabetuak garela |
Martxoaren 3a da
Memoriari bisita
Non batzen diren Bentaundi,
Rojava eta Gernika.
Bienvenido Peredak
Utzi zuenez fabrika
Kale izkinan geratu zen
Txakurren balaz josita.
Berriro ikusten dugu
Burgesiaren taktika
Langileak anulatuz
Demokraziaz jantzita
Nahiz urtean behin manifa
Gera daiteken polita
Bihur dezagun borroka
Eguneroko praktika |
Martxoaren 3a da
Iraultzaren oroimena
Francisco Aznar Clemente
Adieraziz kemena
Etorkizun oparoan
jarrita itxaropena
Langileriaren alde
Berak eman zuen dena
Asanbladarentzako
Botere guztia lema
Zuei esker mantendu da
Urte luzetan barrena
Zirriborratu zenuten
Non dagoen garaipena
Jarraitzea dagokigu
Zuek hasi zenutena |
|
Martxoaren 3a da
Euskaldunon intifada
Defendatu behar dugun
Memoriaren barrikada
Beldurtu genituenez
Oldartu zen txakurrada
Jose Castillo hil zuten
Gure eskarmentu gisara
Begira nola aldatu
Diren gauzak kamarada
Zeozer aldatu dugu ala
Gu aldatu gara?
Gaur egunera ekarri
Behar dugu Zaramaga
Ez baita ezer aldatzen
Dena aldatzen ez bada. |
Martxoaren 3a da
Mantxa gorria arropan
Romualdo Barroso hilik
Ta batzuk txanpaina kopan
Ustezko demokrazia
Saltzen diguten Europan
Langilearen odola
Eros daiteke eurotan
Ikasi genuen dena
Jar daitekela kolokan
Zuen odola zainetan
Zuen izenak ahotan
Borrokan erortzen dena
Bizi delako borrokan
Borrokan erortzen dena
Bizirik dago borrokan |
Martxoaren 1ean, ostiralean, 17:00etatik aurrera ekimen ezberdinak egongo dira auzoan:
- 17:00 Hitzaldia: Martxoaren 3a eta autonomia (Beltza).
- 19:00 Solasaldia: Martxoaren 3a gaur egunera ekarriz (Alitxu Martínez del Campo).
- 21:00 Omenaldia: Romualdo Barroso zineman.
- 22:00 Kontzertuak: 47 de Fevreiro, Konpost eta Zorriak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!