‘Chejov vs. Shakespeare’ proiektuan parte hartuko du Iban Zalduak
Etxepare Euskal Institutuak ‘Chejov vs. Shakespeare’ proiektuaren edizio berri bat sustatu du, Eskozian euskal kultura, arteak eta euskara ezagutarazteko egiten ari den ‘2019 Scotland Goes Basque’ egitasmoaren barruan.
Chejov vs. Shakespeare proiektua Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren barruan abiatu zen 2016. urtean, eta lurralde eta hizkuntza ezberdinetako idazleek Europaren erronka eta gatazken inguruan gutun bidezko elkarrizketa sakon bat izatea zuen helburu. Etxepare Institutuak berreskuratu du ekimena aurten. Hala, kulturaren bidez Euskal Herriaren eta Eskoziaren arteko harremana estutzea du xede proiektuak, eta kasu honetan Iban Zaldua eta James Robertson idazleak izango dira protagonistak.
Ekimenaren edizio berrian Zalduak eta Robertsonek elkarri hamabi eskutitz bidaliko dizkiote, bakoitzak sei. Gutunotan, Europa, identitatea, hizkuntza eta literatura izango dituzte mintzagai, eta trukaketak bi idazleek gai horien inguruan dituzten ikuspegiak ezagutu eta partekatzeko balioko du. Bakoitzak norberaren hizkuntzan idatziko ditu eskutitzok, euskaraz eta eskozieraz.
Bi idazleek otsailean bertan ekingo diote gutunak elkarbanatzeari, eta Robertson izango da lehena. Uztailean emango diote amaiera elkartrukeari. Gutunen trukea amaitutakoan, 2016an egin zen bezala, idatzitako material guztia bildu eta liburu batean argitaratuko dute. Horrekin batera, Edinburgon abuztuan egiten den Edinburgh Book Festival literatura jaialdian mahai-inguru bat antolatuko dute eta, bertan, proiektuan parte hartu duten bi idazleek gutunetan hausnartutako gaiez jardungo dute, ideia horien inguruko eztabaida irekia sortzeko asmoz.
Chejov vs. Shakespeare
Proiektua Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren programan egin zen, eta zortzi euskal idazle zortzi nazioarteko idazlerekin jarri zituen kontaktuan bikoteka, eta gutunak bidali zizkieten elkarri hainbat hilabetez.
Proiektuaren iturburua eta izena Amos Oz idazle israeldarraren esaldi batetik hartu zuten antolatzaileek: “Ekialde Hurbileko gatazka bezalakoetan bi ikuspegi literariok bat egiten dute: batetik, Shakespeare-ren justizia poetikoa, non inork ez duen amore ematen, printzipioak, ohorea eta bizitza ororen gainetik dauden, baina eszenak odolez estalita amaitzen duen; eta, bestetik, Chejov-en justizia gizatiar tristea, non pertsonaiek euren ezadostasunak eztabaidatzen dituzten, gatazka konpontzera iritsiz, eta denak frustrazioz beteta itzultzen diren etxera. Baina bizirik”.
2016ean zehar, Euskal Herriko eta nazioarteko idazle hauen artean osatu ziren bikoteak: Fernando Aranburu eta Hector Abad (Kolonbia), Laura Mintegi eta Birgit Vanderbeke (Alemania), Angel Erro eta Patrik Ourednik (Txekiar Errepublika), Arantxa Urretabizkaia eta Menna Elfyn (Gales), Bernardo Atxaga eta Bashkim Shehu (Albania), Eider Rodriguez eta Belen Gopegui (Espainia), Harkaitz Cano eta Dubravka Ugresic (Kroazia) eta Luisa Etxenike eta Mircea Cartarescu (Rumania).
Albiste hau alea.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu Hala Bedi-ra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!