Gasteiztik ere elkartasuna Auzitegi Gorenera
ANC-k deituta eta Gure Esku Dago-k sustatuta, dozenaka lagun bildu dira Gasteizen Kataluniako buruzagi politikoen aurkako epaiketa hasi den egunean. Independentistak Sareak, besteak beste, bat egin du deialdiarekin.
ANC-k deituta eta Gure Esku Dago-k sustatuta, dozenaka lagun bildu dira astearte arratsaldean Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazan Kataluniako buruzagi politikoei elkartasuna adierazteko eta Madrilen kokatuta dagoen Auzitegi Gorenean hasi den epaiketa politikoa salatzeko.
ANC Biltzar Nazional Katalanak Europako 20 hiri ezberdinetan manifestazioak eta elkarretaratzeak egin ditu otsailaren 12an, tartean, Arabako hiriburuan. Besteak beste, Berlinen, Parisen, Londres, Bruselan, Edinburgon eta Kopenhagen ere milaka lagun atera dira kaleetara.
Zuian eta Zigoitian ere elkarreteratzeak egin dituzte, Gure Esku Dago-k deituta.
Arratsaldeko mobilizazioen aurretik, Kataluniako auzipetu independentistei elkartasuna adierazteko, Madrilen bertan ere egon dira hainbat euskal ordezkari gaur. ANCk egindako elkarretaratzean izan dira, esaterako, Gure Esku Dago-ko kideak, pankarta batekin. Ez zarete inoiz bakarrik ibiliko, zuekin gaude. Euskal Herria beti Kataluniarekin irakur zitekeen han.
Epaiketaren egunean, Indepedendentistak Sareak ere bat egin du deialdi horiekin. Hauen ustez, Kataluniako prozesu independentistaren aurrean “Espainiako Estatuak era guztiz antidemokratikoan jokatu du lehen momentutik, eta 1978ko Erregimenak bere aurpegi errepresiborik bortitzena erakutsi du 2017ko udazkenetik hona. Denon artean lortu behar dugu egoera irauli eta epaiketa honetan Espainiako Estatu autoritario eta antidemokratikoa bera izatea epaitua”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!