Judimendiko gazteek elkarretaratzeak egingo dituzte auzoko joko-aretoaren kontra
Hilabeteko azken ostegunero elkarretaratzeak egingo dituzte Judimendiko Gazte Asanbladako kideek auzoko joko-aretoaren presentzia salatzeko. Behaketa lanen ostean, txosten bat aurkeztu dute, auzoko leku ezberdinetan aurkeztu dutena.
Orain dela urtebete egin zuten publiko. Judimendiko auzoan ‘Salón de Juegos’ deituriko aretoa ireki zutenetik 12 hilabete bete zirenean, Judimendiko Gazte Asanbladako kideek kanpaina bat hasi zuten Auzoan Jokoz Kanpo izenpean. Beraz, ia bi urte eman dituzte jada kanpaina honekin bueltaka.
Atentzioa eta ikusmin handia sortu zuen lokalak eta, auzoko gazteak, ez ziren albo batean geratu. Argia, kolore askotako argiak kanpoan, distirarekin nahastuta, diruaren distira. “Horrek, aldiz, ez zigun ekidin barrutik gordetzen duen iluntasuna ikustea”, azaldu zuen orduan Judimendiko Gazte Asanbladak.
Informazioa biltzeko kanpaina “ikerketa” fase batekin hasi zen: galderak inguruko tabernariei lokalaren ondorioen berri izateko, auzokideen artean 100 inkesta inguru, joko-aretoan lanean egondako pertsonekin elkarrizketak… Asteetako lan handia baina fruituak ere bai: “Gure hasierako ideiak konpartitu, kontrastatu eta osatzeko aukera paregabea izan dugu”. Hori gutxi balitz, lokalaren barruan egon ziren gazteak, behaketa lanak egiten ordu eta egun ezberdinetan, bezero motak eta hauen jarrerak aztertu nahian.
Paraleloki, moskeo kanpaina. “Auzoan Jokoz Kanpo” irakur zitekeen pegatina bat ikusi da auzoko txoko ezberdinetan, Krupierrez mozorratu dira… Baina kanpainaren momentu gorena, 2018ko urrian aurkeztutako Auzoan Jokoz Kanpo txostena izan zen, gune eta egun ezberdinetan aurkeztu dutena, tartean, ikastetxeetan.
Elkarretaratzeak hilabeteko azken ostegunetan
Behin txostena aurkeztuta eta banatuta (online deskargatzeko aukera dago), beste urrats bat ematea erabaki dute asanbladako gazteek. Hilabeteko azken ostegunero elkarretaratzea egingo dute auzoko joko-aretoaren aurrean: Olagibel 55-57 kalea.
Areto honek lau oinarri dituela salatuko dute horrela: “gazte adikzioa, langile esplotazioa, auzo bizitza hiltzailea eta droga trafikoa”. Kontzentrazioa 19:30ean izango da eta lehenengoa urtarrilaren 31n eramango dute aurrera.
Larunbat honetan, gainera, joko-aretoen fenomenoa aztertzeko mahaingurua antolatu dute auzoan bertan. Igor Meltxor kazetaria SUmendi Gazte Espazioa egongo da 18:00etatik aurrera.
Auzotik haratagoko problematika
Judimendin joko-areto bat egotea ez dute kasu isolatu baten moduan ulertzen: “Gasteiz mailako arazoa da”. Hori da ondorio nagusietako bat, izan ere, marka berdinekoak izaten dira normalean. Behaketa lanetatik ondorioztatu dutenez, bertaratzen den gehiengoa langile klasekoa da, batez ere joko-makinak dauden espazioan. “Zergatik gutxien daukanak, daukan gutxia apostatzeko gai da? Behar ekonomikoekin jolasten dutelako horrelako negozioek”.
“Zergatik gutxien daukanak, daukan gutxia apostatzeko gai da? Behar ekonomikoekin jolasten dutelako horrelako negozioek”
Baina, problematika honek eragin zuzena du gazteengan, “eta tamalgarriak diren hainbat gertakari suertatzen dira, adingabekoek sartzeko inolako trabarik topatzen ez dituztenean, adibidez”. Arduratuta daude, “gazteriak normalizatu duelako horrelako espazioak topatzea bere ingurunean eta apostu txikiak modu kolektiboan egitea”. Eta, espero zitekeen bezala, gizonezkoak dira nagusi, modu indibidualean bertaratzen direnak.
Baina, auzokideek ohartarazi dietenez, arazoa ez da lokalera mugatu: presentzia poliziala handitu da joko-aretoak ateak ireki zituenetik. “Legez-kanpoko drogen kontsumoaren gorakada eta sortutako istiluek ez dute izkutatzen auzoaren gain kontrol poliziala handitzeko asmoa dutenik”. Eta, gainera, alboko lokalei zuzenean eragin die: soldata baxuak, prezio baxuak; lokal handia, ordu gehiago zabalik… Konpetentzia ez-leiala salatu dute inguruko tabernariek eta, gutxienez, auzoko bi tabernek ateak itxi dituzte aretoa ireki zenetik.
Markajeak Gasteiz osoan
Adurtza, Diputazio kalea, Frantzia kalea… Astelehenean, Arabako hiriburuko hainbat joko areto “Zer dago jokoan?” margoketarekin agertu ziren, margo txuriarekin batera. Gaur egun, gutxienez, 32 joko-areto daude zabalik Gasteizen, 2018an baino sei gehiago. 8.000 biztanletik, joko-areto bat dago hiriburuan. Auzo bakoitzeko, bi joko-areto. Eta, bitartean, Baskonia edo Alaves kirol taldeen babesle nagusia apostu-etxe bat da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!