Markajea egin diete Gasteizko hainbat joko-aretori
Gasteizko joko-areto ezberdinak margoarekin eta “Zer dago jokoan?” galderarekin agertu dira astelehen goizean. Gaur egun, mota honetako 32 lokal daude Arabako hiriburuan, 2018an baino sei gehiago. Aiaraldean ere antzeko ekimena aldarrikatu du Ernaik.
Joko-aretoen fenomenoa Gasteizen etengabe hazten doa. Txagorritxuko bizilagunak Abendaño Ikastolatik gertu ireki duten aretoarekin kezkatuta daude, Judimendin orain dela urtebete baino gehiago hasi zuten lanketa bat, Salburuan beste berri bat ireki nahi dute… Gaur egun, gutxienez, 32 joko-areto daude zabalik Gasteizen, 2018an baino sei gehiago.
8.000 biztanletik, joko-areto bat dago hiriburuan. Auzo bakoitzeko, bi joko-areto. Bitartean, Baskonia edo Alaves kirol taldeen babesle nagusia apostu-etxe bat da. Hau da Gasteizko errealitatea eta, badirudi, errealitate hau salatzeko ekimen bat egin dute azken orduetan Arabako hiriburuan, Hala Bedi-k jaso dituen argazkietan ikus daitekeenez.
Gasteizko joko-areto ezberdinetan margoa eta bestelakoak bota dituzte, “markaje” bat egiteko asmoarekin edo. Frantzia kaleko lokalean, adibidez, “Zer dago jokoan?” margoketa agertu da margo txuriarekin batera.
Judimendiko Gazte Asanbladak, auzoko joko-aretoaren inguruan egindako behaketa lanetik ondorioztatu duenez, aretoetara bertaratzen den gehiengoa langile klasekoa da, batez ere joko-makinak dauden espazioan. “Zergatik gutxien daukanak, daukan gutxia apostatzeko gai da? Behar ekonomikoekin jolasten dutelako horrelako negozioek”.
Aurreko asteetan, Arabako hiriburuko zonalde ezberdinetan kartel ezberdinak agertu dira “Zer dago jokoan?” galderarekin. Gainera, beste kartel batzuetan joko-areto hauek nork babesten dituen salatzeko panelak ikusi ahal izan dira, Ernai Gasteizek bere sare sozialetan zabaldu duen bezala.
#ZerDagoJokoan? pic.twitter.com/fQoKOd0q2R
— Ernai Gasteiz (@ErnaiGasteiz) January 20, 2019
Ekimena Aiaraldean
Asteburuan zehar, Ernai Aiaraldeak ere bideo zabaldu du sare sozialetan, bertako Elexondo apustu-etxearen aurka egindako ekimen bat zabaltzeko, Amurrion.
Bideoan gogoratu dutenez, 12-22 urte bitarteko hiru gaztetatik bat jokoan erortzen da eta jokoan aritzen diren gazteetako %15a ludopatak bilakatzen dira. Horrela jasotzen du Deustuko Unibertsitateak egindako ikerketa batek, aiaraldea.eus-ek eskualdeko joko-aretoen fenomenoa aztertzeko egin zuen erreportaje batean irakurri daitekenez.
Bide batez, otsailaren 16an Gazte Antolakundeak Bilbon prekarietatearen aurka deitutako manifestaziora joateko deia zabaldu dute.
Apustu etxeak Aiaraldean jokoz kanpo!
Miseria eta prekarietatera kondenatzen gaituzten espazio hauen ateak itxiko ditugu aiaraldeko gazteok!
Otsailaren 16an gazteok Bilbora! #EHBizi! pic.twitter.com/hJRq2FNbpB
— Ernai Aiaraldea (@ErnaiAiaraldea) January 26, 2019
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!