Lanbide Heziketako zenbait irakaslek itxialdia hasiko dute Mendizabalan, LEP sistemak kanpoan uzten dituela salatzeko
Urteak lanean daramatzaten zenbait irakaslek ez dute Lan Eskaintza Publikora aurkezteko aukerarik eta, honen aurrean, neurriak hartzeko eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari. Urtarrilaren 9an hasiko dute itxialdia eta Mendizabalan bertan lo egiteko asmoa azaldu dute.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako hainbat irakaslek itxialdi bat hasiko dute datozen orduetan Mendizabala Institutuan. Hala jakinarazi diote bertako zenbait irakaslek Hala Bediri eta hala konfirmatuko dute datozen orduetan prentsa-agerraldi batean.
Aldarrikapenen artean, bat izango da guztien artean nagusi: Jorge Arévalo Turrillas Eusko Jaurlairtzako Lanbide Heziketako Sailburuordeari irakasle teknikoen egoera egonkortzeko pausuak eman ditzan eskatzen dute. Arrazoia, ordea, beste bat da: etorkizunean irakasle hauek ezingo dira gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan betetzen dituzten postuetako Lan Eskaintza Publikoetara aurkeztu.
Lanbide Heziketako irakasle hauen itxialdia urtarrilaren 9an bertan hasiko da, asteazkenean, Mendizabala Insititutuan. Bertan lo egiteko hautua egin dute, eta, beraz, amaiera datarik gabeko itxialdia izango da.
Irakasle hauen iritziz, Lanbide Heziketak duen egoera “ona” da eta hori horrela izateko aktibo nagusienetako bat Lanbide Heziketako zentro publikoetan lan egiten duten profesionalak direla uste dute. Horretaz gain, arratsaldeetan profesional eta langabeak birziklatzen dituzten berberak direla gogoratu dute.
Salatu dutenez, sistema horren erdian daude irakasle teknikoak, perfil praktikoagoa dutenak eta beraien ekarpena egiten dutenak arlo horretan. “Irakasle horiek Lanbide Heziketako zentroetan formatu dira eta gela horietara bueltatzen dute ikasitakoa, askotan bestelako lanetan jasotako esperientzia gehituz”.
2007. urtean 276/2007 errege-dekretua argitaratu zen honako izenburu honekin: Reglamento general de ingreso, accesos y adquisición de nuevas especialidades en los cuerpos de funcionarios docentes y que básicamente y de manera arbitraria re-parametriza en su anexo VI el Cuerpo de Profesores Técnicos de Formación Profesional.
Beste modu batean esateko, errege-dekretu honek administrazioari lan eskaintza publikoak deitzen dituenean zein bide hartu behar duen esaten dio.
Hezkuntza Sailak 2018an deitutako Lan Eskaintza Publikoak 276/2007 errege-dekretua aplikatu zuen. “Esan beharra dago aplikazio hori Errege Dekretua indarrean sartu eta 11 urte beranduago eman dela”, gaitzetsi dute irakasleek. “Momentu honetatik aurrera ordezkapenak egiten ditugun irakasle teknikoak inongo babesik gabe geratu gara”. Hemendik aurrera, irakasle hauek ezingo dira gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan betetzen dituzten postuen eskaintza publikoetara aurkeztu.
“Kasurik onenean ordezkapenak egitera kondenatuta gaude… Edo hezkuntza sistematik kanpo utzi”
Irakasleak, bitartean, paradoxa baten aurrean daude: “Lan Eskaintza Publikora aurkezten diren irakasleen ordezkapenak egiteko, gure konpetentziak kontutan hartzen dira. Lan Eskaintza Publiko horretan parte hartzeko, ordea, ez”. Hori gutxi balitz, gogoratu dutenez, azken 11 urte hauetan ordezkapenak egiteko zerrendak hainbat alditan zabaldu dira, Lanbide Heziketa ikasi duten pertsonei bertan sartzeko aukera eskainiz.
Momentu honetan, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Lan Eskaintza Publiko sistema bidez finkatzen ditu irakasleak eta bertan parte hartzea saritzen hasiko da. Bitartean, aipatutako irakasleek ezingo dute bertan parte hartu.
“Honen aurrean irakasle teknikoak babesgabe gaude. Gure egoera gero eta okerragoa izango da, izan ere, urteetan lortutako puntuak ez dira nahikoa izango Lan Eskaintza Publikoa atera duten edo puntuak biltzen dituztenak atzetik pasatuko gaituzte. Gu, kasurik onenean, ordezkapenak egitera kondenatuko gaituzte edo hezkuntza sistematik kanpo geratuko gara“, ondorioztatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!