Lanpostuak galtzeko arriskuaz ohartarazi dute Aldanondoko langileek
Enpresak ez du ziurtatu Aguraingo planta errea berriro zabalduko duela.
Joan den abuztuaren 13an Aldanondo enpresak Agurainen duen lantegia kiskali zuen sutearen ondoren, enpresak kontratuen urte bateko etenaldiko eta iraungitzeko erregulazio txostena ezartzeko prozesua hasi duela salatu du LAB sindikatuak. 27 behargin zeuden lanean Aldanondo fabrikan hura erre aurretik. Horietatik zazpi kalera joango lirateke, iturri sindikalen arabera, eta beste hamabost urtebeteko erregulazioan sartuko lirateke, “itzultzeko inolako bermerik gabe”.
LAB sindikatuak langileak pairatzen ari diren “ziurgabetasuna” salatu du ohar baten bidez: “Enpresako ordezkariek bideragarritasuna bermatu gabe jarraitzen dute, eta instalazioaren balizko berreraikitzeari ez diote data zehatzik jartzen”. Sindikatuaren esanetan, gainera, enpresarekin egindako bilera guztietan, “oinarri eta konpromisorik gabeko promesak bakarrik” jarri dituzte mahai gainean.
Hori dela eta, Aguraingo udaletxearen aurrean elkarretaratzea egingo dute, azteazkenean, 10:00etan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!