Mercedesen ‘Holidays Workers’ kanpainan “gardentasuna” bermatzeko kanpaina abiatuko dute
Kanpaina honek “entxufismoa” bultzatu eta “diskriminatzailea eta bartzertzailea” dela salatu du LAB sindikatuak. Ekimen ezberdinak eramango ditu aurrera sindikatuak, lan baldintzak errespetatze aldera.
Mercedes enpresak “Holidays Workers–Trabajadores de Vacaciones” kanpaina abiatu du, udan Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasleek lantegian lan egiteko. LABen ustez, “kanpainak entxufismoa bultzatzen du, diskriminatzailea eta baztertzailea da eta prekarietatea areagotzen du”.
LABek salatu duenez, ikasleek bete beharreko baldintzen artean langile baten senidea edo gomendatua izatea dago. “Gure ustez, Mercedesen dagoen entxufismoaren susmoa bultzatzen du, askoren kezka baita gomendatzailearen arabera onartzea ala ez”, gaitzetsi dute.
Emakumeen presentzia parekidea ziurtatzeko ez dute bermerik ikusten sindikatutik. “Oraingo honetan industria mailako formazioa ezin du aitzakia moduan erabili, ez baita eskatzen baldintzen artean. Aldi berean, azpimarratu nahi dugu kanpainaren azalpenaren hizkera sexista, zeinaren ondorioz badirudi soilik langile gizonek gomendatu ditzaketela hautagaiak”.
Enpresako UGTek, CCOOek eta bertako sindikatu txikiek langile berrien soldata eskala bikoitza onartu zutenez, udako langileek 400 euro gutxiago kobratuko dute. Hori gutxi balitz, ikasle hauei erabateko disponibilitatea eskatzen zaie astelehenetik larunbatera, beraz, litekeena da malgutasuna ere aplikatzea.
Kanpaina moldatzeko eskaera
Hau guztia dela eta, LABek kanpaina moldatzeko eskatu dio enpresari. Eskaeren artean daude langile baten senidea edota gomendatua izatearen betebeharra atzera botatzea, besteak beste. Gainera, kontratazio prozesua LANBIDEren bitartez egitea exijitu dute, kontratatutakoen artean parekidetasuna bermatzearekin batera.
Zentzu honetan, “langile berriak ez diskriminatzea eta lan baldintza duinak bermatzea” jarriko dute mahaiaren gainean. Gainera kontratatutako kopuruaren barruan, langabezian dauden pertsonei kupo bat erreserbatzea beharrezkoa ikusten dute.
Horri begira, LABek ekimenak bultzatuko ditu bai enpresa barruan baita kanpoan ere.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!