LABek Tubos Reunidos taldeko presidente berriaren izkutukeria salatu du
Duela urtebete eskuratu zuen Guillermo Ulaciak Tubos Reunidos taldeko presidentetza eta langileek hedabideen bitartez izan zuten honen berri. Ordutik, lan baldintzek nabarmen egin dute txarrera.
Duela urtebete eskuratu zuen Guillermo Ulaciak Tubos Reunidos taldeko presidentetza. Langileek hedabideen bitartez izan zuten honen berri eta, arrazoi horrengatik, behin baino gehiagotan eskatu du LABek lan-plana langileei aurkezteko. Gaur gaurkoz, oraindik ez du egin.
Aurtengo ikasturtean, aldiz, langileen lan baldintzek nabarmen egin dute txarrera. Azpikontratetako langileak kaleratuak izan dira, lanpostuak amortizatu dituztelako eta malgutasuna handitu delako. Gainera, ez ohiko lanaldiak ezarri ditu enpresak eta mugikortasun funtzionala indarrean jarri dute. Hau guztia, enpresa-batzordeak honen berri izan gabe.
Honen guztiaren aurrean, LABek bere buruari hainbat galdera egin dizkio: “Zein da Ulacia jaunaren eta Tuboseko zuzendaritzaren helburua, altzairutegi handia sortzea? Hala bada, zein da taldeko nahiz azpikontratetako egungo langileen enplegu bermea? Zein lan baldintzetan?”
“Badakigu norantz doan Tubos Reunidos eta Hego Euskal Herriko siderometalurgia-sektorea”, adierazi du sindikatuak. Behin Abasolok, Ulaciak eta Confebaskek espero duten siderurgia-sektorearen batasuna lortuko balitz, langileriari eragingo litzaizkiokeen ondorioak “ez lirateke onuragarriak izango” uste du LABek.
Gertaera hauei buruz galdetu die sindikatuak instituzio ezberdinei eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzari: “Zer diote? Zein izango da euren jarrera?”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!