AleaFM irratsaioa, Hala Bedi Bin entzungai
Arabako Alearen saioa Hala Bedi Bi katean emitituko da; asteazkenero, 20:00etan.
Alea.eus bidez
Arabako Aleak astero ekoizten duen AleaFM irratsaioa Hala Bedi Bi irratian ere izango da entzungai; asteazkenero, 20:00etatik 21:00etara, 88.8 FMn Gasteizen eta Lautadan. Orain arte bezala, euskarazko irratsaioa Radio Vitorian emititzen jarraituko dugu, asteartero, 17:30etik aurrera. Horrez gain, asteartetik aurrera, saioa eskura izango da alea.eus webgunean.
AleaFM irratsaioa ordubeteko euskarazko saioa da. Bertan, Arabako egunerokotasunari lotutako gaiak jorratzen ditugu, Pil-Pilean izeneko atalean. Kulturak eta kirolek ere tartea dute Hamaika Saltsa atalean. Horrez gain, astero Arabako Alea aldizkariko zutabegileen iritzia entzuteko aukera izaten dugu, eta hurrengo egunetan Araban izango diren euskarazko hitzordu guztiak biltzen dituen agenda eskaintzen dugu.
Parte hartu AleaFMn
Arabako Aleak ekoizten duen irratsaioa hamar lagun inguruk osatutako lantalde batek egiten du. Astero eta bikoteka, gure kolaboratzaileek inguruko albisteen berri ematen digute, euskaraz.
Zuk ere irratsaioan aurkezle bezala parte hartu nahi baduzu, idatzi mezu bat irratia@alea.eus helbide elektronikora.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!