Eusko Legebiltzarrera doa Hala Bedi asteazkenean, Herri Mugimenduaren babesarekin
Hala Bedik lizentzien inguruko azalpenak eskatuko dizkie arduradun politiko ezberdinei. Elkarretaratzea egingo dugu kanpoan: 11:00etan, Herri Mugimenduaren parte hartzearekin.
Ez da salaketa hau egiten dugun lehenengo aldia: ikasturte honetan zehar hainbat alditan salatu dugu Eusko Jaurlaritzak lizentziarik gabe utzi nahi duela Hala Bedi BI irratia. Egun, Araban dagoen euskara hutsezkoa irrati bakarra da hau. Momentuz, iruzur hitza erabiliko ez dugun arren, beste salaketa bat eramango dugu Eusko Legebiltzarrera: lizentzia lehiaketan zehar, hainbat irregulartasun aurkitu ditugu.
Hau guztia salatzeko eta azalpenak eskatzeko, agerraldia egingo dugu ekainaren 28an, asteazkenean, Eusko Legebiltzarrean bertan. Agerraldia baino lehen, elkarretaratzea egingo dugu Legebiltzarraren aurrean “Ilegala banaiz alda zuen legea” lemapean. Herri Mugimendu guztiari eta herritar guztiei luzatzen diegu deia bertan parte hartzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!