GTX Banda Lehiaketa 2025 martxan: izen-ematea maiatzaren 2ra arte zabalik
Gasteizko Txosnek prentsaurrekoan aurkeztu dute GTX Banda Lehiaketaren edizio berria. Urtez urte sendotzen ari den ekimen honen helburua argia da: tokiko musika talde emergenteei oholtza bat eskaintzea eta haien lana ezagutaraztea.
Apirilaren 1ean ireki zen izen-ematea, eta maiatzaren 2ko 15:00ak arte egongo da zabalik www.gasteizkotxosnak.eus webgunean. Euskal Herriko edo euskal sustraiak dituzten taldeek parte hartu ahal izango dute, betiere diskoetxeekin kontraturik ez badute. Taldeek gutxienez hiru eta gehienez bost abesti bidali beharko dituzte —horietatik gutxienez bat euskaraz—, baita argazkiak eta promoziorako materiala ere.
Maiatzaren 2an izen-ematea amaitu ondoren, 8 talde aukeratuko dira, eta hauek maiatzaren 5etik 15era bitartean bozketan lehiatuko dira. Publikoaren botoek talde bat hautatuko dute, eta Gasteizko Txosnen epaimahaiak beste hiru talde aukeratuko ditu. Hautatutako lau taldeen artean, gutxienez bat Arabakoa izango da eta beste bat emakumeen presentzia duen taldea.
Finalera iritsitako laukoteak zuzeneko emanaldia eskainiko du maiatzaren 22an Jimmy Jazz Gasteiz aretoan. Aurten, bi sari egongo dira: GTX saria (500 euro) eta GAZTE saria (200 euro). Gainera, irabazleek Gasteizko txosnetan jotzeko aukera izango dute.
GTX Banda Lehiaketa bi hilabeteko lehiaketa izango da eta Gasteizko Txosnen 2025eko lehen ekimena.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!