Mobilizazioa egin dute Migratzaileen Nazioarteko Egunean, Errotatik Erdigunera
Gasteizko hainbat kolektibok bultzatu dute protesta, eta arrazakeriaren kontrako mezuak ozen entzun dira manifestazio osoan zehar.
Pertsona Migratuen Nazioarteko Egunean, abenduaren 18an, manifestazioa egin dute Gasteiz Antirrazista plataformak, Tinkuy kolektiboak, Amnesty International, Bachué, Zehar eta Ongi Etorri Errefuxiatuakek deituta. Errota auzoan hasi dute mobilizazioa, lokal okupatuen eta delikuentziaren kontra manifestatu baitira auzo horretan hainbat pertsona azken asteetan.
Europan ematen ari den “gorroto diskurtsoen gorakada” krisi testuinguruan kokatu dute. “Aberatsenen irabaziak handitzen eta langileak pobretzen ari diren garaian”, etorkinak eta pertsona arrazializatuak arazoaren errudun bezala seinalatzen dituzten diskurtsoak indartzea ez dela kasualitatea ohartarazi dute, berariaz bultzatutako gezurrak direla, arazoaren erroa ezkutatzeko. “Europa gotorleku errepresibo eta faxista bihurtzen ari dira, kontrol poliziala igo eta bizi baldintzak okertzen, eta auzokideen arteko harremanak gorrotoan, deskonfiantzan eta beldurrean oinarritu daitezen bultzatzen”, salatu dute.
Horren aurrean, jatorri eta kultura aniztasunetik batzeko deia egin dute, komunitatea eraikitzeko eta praktika arrazista eta xenofoboen aurka egiteko, baita bestelako diskriminazio formen aurka ere: patriarkalak, lgtbifoboak, kolonialistak… Elkarrekin faxismoa gelditu eta gizarte justu bat eraikitzeko beharra ere aldarrikatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!