Amnistia Eguna antolatu du Aske antolakundeak Gasteizen, ekainaren 15ean
Mahai-ingurua, hitzaldia eta manifestazioa egingo dira, besteak beste. "Errepresioaren aurkako borrokan sakondu eta honi erantzuteko beharrezkoak diren baldintza politikoak sortzen jarraitzeko" Amnistia Egunak "mugarri" direla adierazi du antolakundeak.
Prentsaurrekoa eman du gaur Aske antolakundeak Gasteizen, 2024ko Amnistia Eguna aurkezteko. “Egindako hautu eta konpromiso politikoagatik jazarpena jasan behar duten militanteak” gero eta gehiago direla esan dute agerraldian, baita “bizi baldintza prekarioek bultzatuta aurrera eramandako borrokengatik errepresioa pairatutakoak” ere.
Horren aurrean, beharrezkotzat dute “jazarpenaren kontrako borroka antolatzea”: antolakuntza politiko mailan, maila ideologikoan, baita baliabide politikoetan ere. Euskal Herriko txoko ezberdinetako militanteak bildu, errepresioaren inguruan hausnartu, eztabaidatu eta jazarpena gainditzera bidean pausuak emateko, Amnistia Egunak “mugarri” direla aldarrikatu dute.
Aurtengo Amnistia Eguna, ekainaren 15ean Gasteizen
Batetik, mahai ingurua antolatu dute “frantziar eta espainiar estatuak militantzia politikoaren aurka eramaten ari diren jazarpen juridikoa aztertzeko asmoz”. AKAB kolektiboko Aratz Estonba abokatua, Uztailak 14ko kidea den Garazi Aduriz eta Jardun Koordinadorako kidea den Julen Balda izango dira mahaian.
Bestalde, poliziak gizarte kapitalistan duen funtzioa aztertuko dute. Poliziaren jatorria, bilakaera eta gaur-gaurkoz betetzen duen funtzioa aztertzea dute helburu, horren aurrean burutu beharreko borroka eta estrategiak aztertzearekin batera. Hori guztia jorratzeko, poliziaren inguruan aditua den Paul Rocher ikertzailea izango da hizlari.
Horrez gain, arratsaldean, manifestazioa deitu dute “Errepresioaren aurrean, amnistia osoa” lelopean. “Soilik amnistiaren gauzapenak ekarriko du Euskal Herri Langileak pairatzen duen errepresioaren gaindipena. Amnistia, preso politikoen askatasuna exijitzeaz gain, Euskal Herri Langilearen borrokaren zilegitasunaren aldarrikapena baita”, adierazi dute.
Bukatzeko, prentsaurrekoan Amnistia Egunean parte hartzeko deia egin dute, “errepresioaren aurkako borrokan sakondu eta honi erantzuteko beharrezkoak diren baldintza politikoak sortzen jarraitzeko”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!