Jaurlaritzak baimendu dituen Vitoria Solar 1 eta 2 makroplantek ez dutela legedia betetzen salatu dute ekologistek
Vitoria Solar 1 eta 2 parke fotovoltaikoen proiektuei aurreneko administrazio-baimenak eman dizkio Eusko Jaurlaritzaren Industria sailak. Proiektu horien bitartez, 90.048 eta 90.074 eguzki-panel ezarri nahi dituzte Gasteizen eta Burgelun (Arabako Lautadan). Guztira, 49,9 eta 49,99 megawatteko potentzia izango lukete.
Eguzki talde ekologistak salatu du panel horiek guztiak nekazaritza-lursail emankorretan ezarri nahi dituztela, baita ureztatzekoak diren lursail batzuetan ere. Azpimarratu dute Jaurlaritzaren beraren ekimenez izapidetzen ari den Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala dagoeneko onartuta balego, legez kanpokoa litzatekeela fotovoltaiko hori baimentzea. Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala izapidetzen ari dela argudiatu du, hain zuzen ere, Jaurlaritzak alegazioak ukatzeko.
“Gure ustez, berriz, Plana onartu bitartean ez lukete horrelako administrazio-baimenik eman beharko. Bestela, Plana onartzen denerako, harekin bat ez datozen hainbat proiektu onartuta egoteko arriskua dago. Ekintza burutuak, alegia”.
Eguzki talde ekologistak deitoratu egin du jokatzeko modu hori eta esan du “hau eta beste proiektu fotovoltaikoen gainetik, Arabako lur emankorrenak babestu egin behar direla”. Gogorarazi dute panelak kalte egin gabe ezartzeko alternatibak egon badaudela, adibidez, lugorrietan edota industriaguneetako teilatuetan.
Lur emankorretan jarri nahi dituzte panel fotovoltaikoak
EAEko Nekazaritzako Plan Sektorialak balio agrologiko estrategiko handikotzat jotzen ditu Solar 1 eta 2ren eraginpeko lursail gehienak. Eta gaur egun izapidetzen ari den Energia Berriztagarrien Plan Sektorialak espresuki debekatzen du parke fotovoltaikoak balio estrategiko handiko lursailetan ezartzea. “Balioa eta lurzoru emankorra galtzeak modu larrian eragiten die elikadura-subiranotasunaren, tokiko ekoizpenaren eta tokiko ekoizpen eta kontsumo katearen helburuei”, baloratu du Eguzkik.
Eguzkiren iritziz, balio estrategiko handiko lurrak nekazaritza-erabilerarako gorde behar dira.
Jaurlaritzak aurreneko baimena emanda, Solar 1 eta 2 proiektua orain Aldundiak aztertu behar du. Beraz, badira oraindik egin behar diren beste tramite urbanistiko eta administratibo batzuk proiektua gauzatzen hasi baino lehen.
“Bide horretan zeresana duten erakunde guztiei balio agrologiko handiko lursailak babesteko eskatzen diegu, eta, ondorioz, proiektu horiei baimena ez emateko”, eskatu du Eguzkik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!