Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak eta GKS-k erantzun egin diote Txosna Batzordearen irakurketari
Zalantzan jarri dute erabakia hartzeko prozedura irizpide orokorretan ez oinarritzea. Txosna Batzordearekin hitz egin eta elkar ulertzeko borondatea adierazi dute.
Atzo Gasteizko Txosna Batzordeak irakurketa bat plazaratu zuen Etxebizitza Sindikatua eta GKS Txosnetatik kanpo uzteari buruz. Bi kolektibo hauek erantzun egin diete Txosna Batzordearen adierazpenei. Hemen komunikatu osoa:
Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak eta GKS-k Txosna Batzordearen irakurketaren harira:
Duela bi urtetik luzatzen ari da Txosna Batzordearen ezohiko egoera, zeinetan bi eragileri parte- hartzea ukatzen zaigun. Egoera bidegabe honen hastapenetik seinalatzen aritu garen bezala, gure ideia politikoengatik gaude betatuta eta Txosna Batzordeko zenbait eragilek argitaratutako irakurketan ere ez da bestelako argudiorik ageri.
Haien irakurketak erantzutea garrantzitsua dela deritzegun bi elementu orokor aipatzen ditu: batetik, erabakiak hartzeko formari eta prozedurari dagokiona eta, bestetik, ustez gu kanpoan gelditzeko zergatiak azaltzen dituena.
Lehenengoari dagokionez, azken urteetan egindako hausnarketa prozesua jartzen da zentroan. Ez dago kanpo gogoraraztea, Txosna Batzordean hausnarketa prozesu bat egiteko ideia duela zenbait urtetik datorren arren, guk txosna bat jartzeko intentzioa adierazterakoan abiarazi zela. Hura izanik Ezker Abertzaleko eragileen partetik lehenengo blokeo momentua. Edozein eragilek sartzeko bete behar zituen irizpideak galduta zeudenaren aitzakiapean abiarazi zuten prozesu hura, irizpideak berritzeko asmoz. Prozesua amaitu eta irizpide berriak adostu bezain laister (bi urtera), bete egiten genituen irizpide berri horiek alde batera utzi eta bestelako aitzakien bitartez bozkatu eta erabaki zuten gu kanpoan uztea. Beraz, garbia eta intentzio onekoa irudikatu nahi izan duten hausnarketa prozesua hasieratik bertatik gure parte-hartzea oztopatzeko formula bezala erabili zuten.
Irizpideak zehaztuta eta, era berean alde batera utzita, momentuan momentu batzordean dauden tendentzia politikoek interes partikularretatik abiatuta erabakitzeko aukera ematen du prozedura honek. Eta irizpide orokor batzuetan ez oinarritzeak, orain, eragile politiko eta sozial ezberdinak kanpoan uzteko aukera ahalbidetzen du. Salatzekoa da, gainera, erabaki hau Gasteizko Herri Mugimenduaren izenean hartu izana, bere buruari izendapen hori emanagatik herri mugimenduaren parte zein den eta zein ez den zehazteko eskumena balute bezala. Aniztasunaren izenean hitz egiten dute, aniztasun politiko zabalagoa egotea ukatzen duten bitartean. Finean, beraiek murrizten dute aniztasun erreala komeni zaien neurrian.
Kanpoan uzteko zergatiei dagokienez, “elkarbizitza arazoak” eta “elkarlan faltak sorturiko gatazkak” aipatzen dituzte. “Elkarbizitza arazoak” aipatu baina ez dute elementu hau inondik inora justifikatzen. Irakurketan diotenez, “inposizioak, lekuz kanpoko ahozko erasoak, intoxikazioak, mehatxuak eta liskarren etengabeko saiakerak” egon omen dira gure partetik, baina ez dute zehaztasunik ematen, gezur hutsa eta gu betatzeko aitzakia faltsuak baitira.
“Elkarlan faltak sorturiko gatazkei” dagokionez, beraiek dira txosnagunean elkarlanean aritzea oztopatzen ari direnak gu parte-hartzeko eskubiderik gabe utziz, elkarlanerako prestutasun osoa daukagula hasieratik adierazi dugun arren. Gainera, hemen ere ez dira sorturiko gatazka horiek adierazten, ez dagoelako horrelakorik.
Aipatzen diren arrazoiak aitzakiak dira eta hartutako erabakiak ez dauka inolako justifikaziorik. Izan ere, erabaki hau arrazoi politikoetan oinarrituriko beto bat dela argitzen du beraien irakurketak berak. Ondoko hau da gatazka honetan erroan dagoena: norabide politiko propioa izatearen eta txosnekin zerikusirik ez duten eta beharrezkoak iruditzen zaizkigun kritika politikoak egitearen ondorioz txosnagunean parte-hartzeko eskubidea kentzen digute Txosna Batzordeko zenbait eragilek, udalarekin dauzkaten akordioen eta babesaren bitartez. Hemendik eratortzen diren ondorioak oso larriak dira: Txosna Batzordean unean-une dauden eragileen gustu partikularren arabera epaitzen da nork duen parte-hartzeko eskubidea eta nork ez. Benetako aniztasuna bultzatu beharrean (betiere zapalkuntza guztien aurkako printzipio politikoetan oinarrituriko irizpide komunak markatuz) batzuen preferentzien araberako hautaketa egiten da. Horrela, Gasteizko Txosnen ibilbide guztia beraien gain hartuz, Gasteizko Txosnak historikoki izan duten zentzuaren aurka jarduten dute.
Txosna Batzordearen irakurketaren aurrean eta jaiak gerturatzen ari diren honetan, honako hau adierazi nahi dugu Gasteizko Etxebizitza Sindikatutik eta GKS-tik:
- Jaietan eta jai-eremuan ere urtean zehar Gasteizen egiten dugun lan politikoa egiten jarraitu nahi dugu, txosnagunearen parte izan eta bertan beste eragileen neurri berdinean ekarpena eginez. Gainera, urtean zehar etxegabetzei aurre egiteagatik jasaten dugun errepresioari aurre egiteko zein gazte langileen politizaziorako ekimen guztien sostengurako baliabide ekonomikoak lortzeko aukera bakarrenetarikoa da txosna izatea
- Kurtso hasieran batzordearekin hitz egiteko eta elkar ulertzeko genuen borondate berdinarekin jarraitzen dugula adierazi nahi dugu.
- Gu batzordetik kanpo uztea beto politikoa da. Eta horregatik, bitartean bidegabekeria hau salatzen jarraituko dugu, eragile politiko eta sozial orok txosnagunean parte-hartzeko dugun eskubidearen alde.
Txosnetan beto politikorik ez!
Gasteizko Etxebizitza Sindikatua eta Gasteizko GKS
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!