Pentsiodunen manifestazioa Gasteizen 1080 euroko gutxieneko pentsio publikoaren alde
Pentsioetan emandako murrizketak salatu dituzte "1080 ibilaldiaren" amaieran
Astelehenean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, “1080 ibilaldiaren” bi zutabe atera ziren, Bilbotik bata eta Bergaratik bestea. Asteartean Aguraindik abiatu zen Arabako pentsiodunen zutabea, eta herri ezberdinetatik igaro ostean Gasteizen elkartu dira gaur, goizean egindako manifestazioan.
Iparralde Gizarte etxetik abiatu dira eta Gasteizko Plaza Berrian batu zaizkie “Gasteizko pentsiodunen gehiengoa eta sindikatu ezberdinak”. Katedral Berrian amaitu dute manifestazioa, pentsioetako murrizketak salatuz eta pentsio publiko eta duinak aldarrikatuz. Aldarri berdinak aterako dituzte kalera astelehenan, maiatzaren 29an, Iruñean egingo den mobilizazioan.
Beste askotan egin bezala, martxa honen bidez Pentsiodunen Mugimenduak espainiar Estatuko gobernuari eskatu dio 1080 eurotan ezartzeko gutxieneko pentsioa eta, era berean, EAE eta Nafarroako gobernuei ere dei egiten die 1080 eurora arte osatzeko herritarren pentsioak, hamalau ordainsaritan. Aipatu dute erabaki hori EAE eta Nafarroako gobernuen eta legebiltzarren borondate politikoaren menpe dagoela, eta «ez dagoela hori eragozten duen arrazoi politiko edo ekonomikorik.»
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak salatu du, egungo bizitzaren garestitze «esponentzialaren» ondorioz, geroz eta adineko pertsona gehiago daudela ezin dutenak etxebizitza, elikadura, osasun eta arreta duinik lortu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 167.718 pentsiodunek jasotzen dute 1080 eurotik beherako pentsioa, eta Nafarroan 51.306 dira kopuru horretara heltzen ez direnak. Pentsiodunen Mugimendutik nabarmendu dute gainera, emakumezkoak direla pentsio baxuak jasotzen dituzten horietako gehienak.
Genero arrakalak, emakumezko eta gizonezkoen batez besteko soldatetan dagoen desberdintasunak sortzen du egoera hori, Mugimenduaren ustez, eta baita lan erreproduktiboen zama emakumeengan jausi izanak ere. Kalitatezko enplegua, soldata hobeak eta arrakala ezabatzea aldarrikatu dute pentsiodunek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!