Greba berria hasi dute Arabako egoitza pribatuetako langileak
Maiatzaren 23 eta 24an grebara deitu dute Arabako zaharren egoitza pribatu eta etxebizitza komunitarioetako langileek. Patronalaren “blokeoa” salatu dute ELAk eta LABek, eta soldata igoera eta lanaldi murrizketa jasoko dituen lan hitzarmena eskatu. through Argia.eus
ELAk eta LABek azaldu dutenez, maiatzaren 15ean eseri ziren patronalarekin azken aldiz negoziazio mahaian, baina sindikatuek orduan egindako proposamenari ez dio erantzunik eman oraindik patronalak. “Horrek agerian uzten digu negoziatzeko duen jarrera eskasa”, adierazi dute sindikatuek, eta patronalaren “blokeoa” gaitzetsi dute.
Lau urte borrokan
Lan hitzarmen propio baten alde lau urte baino gehiago daramatzate borrokan sektoreko langileek, sindikatuek azpimarratu dutenez. Soldataren igoera eta lanaldiaren murrizketa dira beren aldarrikapen nagusiak, horiek direlako arazo nagusiak: “Lanarengatik sortutako gero eta gaitz gehiagorekin, urteko lanaldi oso luzeekin, eta gero eta zailagoa egiten zaie hilabete amaierara iristea; hau da, lan egiteko bizi dira, eta bizirauteko lan egiten dute”.
Egoitzena eta zaintzarena sektore feminizatu eta prekarizatuak dira oro har, “non emakume horiek adinekoen bizitzari eusten lan egiten duten”, eta lan horiek “eskertu eta baloratzeko” beharra azpimarratu dute sindikatuek.
Hitzarmenaren aldeko mobilizazioak
Patronalari negoziatzeko eskatu diote sindikatuek, eta Arabako Gizarte Politiketako diputatu Emilio Solari ere eskatu diote hitzarmena bultzatu dezala. “Zaintzak publikoak izan behar dira, eta ez negozioa”.
Hitzarmena lortzeko mobilizatzera eta borrokatzera deitu dute sindikatuek, “gehiegizko gutxieneko zerbitzuek uzten duten neurrian”. Maiatzaren 23ko astearte goizean manifestazioa egin dute langileek, asteazkenerako kontzentrazioa eta manifestazioa antolatu dute, eta ostiral goizez autokarabana egingo dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!