GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak “irtenbide bat” eskatu dute berriro txosnen auzirako
GKS eta Etxebizitza Sindikatuak agerraldia egin dute salatzeko, berriki jakin dutenez, Udalak ez diela Gasteizko jaietan txosna jartzeko “irtenbide zein alternatibarik” eskaintzen.
Aurreko urtean plazaratu bezala, berretsi dute EH Bildu-Sortuk, Mugimendu Sozialista “zokoratu eta indargabetzeko helburuarekin”, txosnetatik “politikoki betatu” dituela, Txosna Batzordean dauden eragileen artean gehiengoa baliatuz. Horregatik, txosna batzordearen “beto politikoa” salatu dute aurten ere, Txosna Batzordeak ez duelako erantzunik eman “irtenbide ezberdinen inguruan pentsatzeko borondatea” adierazi duten arren.
“Betoa salatzea ezinbestekoa da, ezarritako neurriaren larritasuna handia baita”, adierazi dute. Izan ere, “demokraziaz ahoa betetzen zaien arren, ez dute Mugimendu Sozialistarekin espaziorik partekatzeko ez honi lekurik uzteko borondaterik, Mugimendu Sozialistaren hedapenarekin gazteen artean nagusitasuna galtzen ari direlako”.
Gasteizko Udalarekin ere jarri ziren kolektiboak harremanetan, irtenbide baten bila, baina udalak “bere erantzukizuna saihestu” duela uste dute. Legez edozein eragilek espazio publikoa erabiltzeko bermea izan beharko lukeela uste dute, eta txosnagunean edo bertatik kanpo txosna beste nonbait jartzea exijitu, hein horretan.
Dei egin diete txosna batzordean “betoaren alde” egin duten eragile guztiei hartutako erabakia alda dezaten, eta Udalari egoerari aterabide bat eman diezaien.
“Espazio publikoa erabiltzeko eskubidea eta, zehazki, Gasteizko jaietan txosna jartzea defendatzen” jarraituko dutela adierazi dute eta, horregatik, “beto politikoaren aurrean irtenbidea exijitzeko” manifestazioa deitu dute maiatzaren 6an, arratsaldeko 18:00etan, Andra Maria Zuriaren plazatik hasita.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!