[HALA BIDEO] Osasun Publikoaren egoera “kritikoa” da
Osasun Publikoa Aurrera plataforman bildutako herri plataformek Osakidetzaren mosaiko bat egin dute Gasteizko Andra Mari Zuriaren enparantzan Osasun Publikoaren egoera kaotikoa salatzeko. Apirilaren 22ko manifestaziora deitu dute.
Osasun Publikoa Aurrera plataforman bildutako herri plataformek Osakidetzaren mosaiko bat egin dute Gasteizko Andra Mari Zuriaren enparantzan protesta gisa: Osasun Publikoaren egoera kaotikoa salatu dute.
Eusko Jaurlaritzaren planifikaziorik ezak ekarri du egoera, azaldu dutenez: “Gaixotasunen prebentzioan funtsezkoa den lehen mailako arretak ez du profesional nahikorik; eta auzo eta herri batzuetan, ez da existitzen. Ez dagozkien lanak egiten dituzten profesionalak ditugu, paziente gehiegi dituztenak; eta, horrek, pazienteek aurrez aurreko arreta lortzeko ezina dakar, etsipena sorraraziz”.
Gasteizen, zehazki, Etengabeko Atentzio Gune bat eta larrialdi-zerbitzu bat itxi dituzte berriki, eta mediku espezialista ikusteko itxaronaldia bikoiztu egin da.
“Osasun-arreta jasotzea odisea bihurtu da; batez ere, biztanle zaurgarrientzat. Herritarrok nazkatuta gaude EAJ-PSOEk gure osasun-eskubidea salgai jartzeaz”, adierazi dute.
Horregatik, apirilaren 22an eguerdiko 12:00etan Bilbo Plazatik egingo den manifestazioan parte hartzeko deia ere luzatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!