Espainiar gobernuak gerrarekin duen erantzukizuna salatu dute Podemosen egoitzaren aurrean
Kontseilu Sozialistek deituta manifestazioa egingo dute "NATOren aurka, gerra eta basakeria kapitalista gelditu" lelopean, apirilaren 1ean Gasteizen.
Gasteizeko Podemosen egoitzaren aurrean protesta egin dute dozenaka lagunek, Kontseilu Sozialistak deituta, “Espainiar gobernua eta bere alderdi sostengatzaileak seinalatzeko, gerrarekiko duten erantzukizuna dela eta”.
Espainiar gobernuak, mendebaldeko bloke inperialistarekin batera, NATOren finantzazioan eta eskalada militarrean duen ardura salatu du elkarretaratzean Kontseilu Sozialistak.
Parlamentuko alderdi politiko guztiei, “eskuinetik ezkerrera”, egotzi diete “NATOren agenda militaristarekin” bat egin izana.
Itxurakeria egotzi diete, bereziki, haien burua ezkerrekotzat duten alderdiei. “Bereziki kezkatzekoa da haien burua ezkerrekotzat duten alderdiek gerra honen sostenguan betetzen duten papera. Gerra aurrekontuak onartu dituzte eta, orain, haien burua zuritzeko eta gerraren aurka lerratzen den oinarri elektorala engainatzeko asmoz, zenbait politika zehatzez kexatu dira, tankeen tamainaz adibidez”, arrazoitu dute.
Gerraren ondorioak, zuzenak zein zeharkakoak, langile klaseak jasaten dituela azaldu dute, arlo ekonomikoan bezala eskubide eta askatasun kolektiboenean.
Egoera horren aurka, langileen antolakuntza independientean sakontzearen alde egin du Kontseilu Sozialistak.
Ildo beretik, manifestazioak egingo dituzte Kontseilu Sozialistek, “NATOren aurka, gerra eta basakeria kapitalista gelditu” lelopean. Gasteizen apirilaren 1ean izango da.
Hitzaldia Landatxon, larunbatean
Manifestazio horiei lotuta, datozen egunetan hainbat hitzaldi egingo dituzte Euskal Herriko bost hiriburuetan, Ukrainako gerrari buruz. Gasteizen martxoaren 25ean izango da, larunbatean, Landatxo Gizarte Etxean 12:00etan.
“Krisi kapitalistan eta nazioarteko gerra-testuinguruan” kokatuko dute guda eta Kontseilu Sozialistek egiten duten irakurketa azalduko dute.
Apirilaren 1ean manifestazioa
Ukrainako gerraren harira, NATOri eta kapitalisten gerrari aurkakotasuna adieraziko diote apirilaren 1eko manifestazioan. Europar Batasunaren eta haren gobernuen ofentsiba ere salatuko dute, “informazioa kontrolatzen eta gerraren inguruko errelato bakarra inposatzen” ari delako.
Era berean, Espainiako Gobernuaren ardura seinalatuko dute, inbestidurako blokearen babesarekin aurrekontu militarra igo berri baitu.
Gerrak “sistematikoki eragiten duen dominazio kapitalistarekin amaitzeko”, proletarioak “nazioarteko indar politiko independiente gisa” antolatzeko beharra ere aldarrikatuko dute.
NATOren AURKA, GERRA ETA BASAKERIA KAPITALISTA GELDITU
Ukrainako gerraren testuinguruan, kapitalisten gerraren eta NATOren aurka mobilizazioak antolatu ditugu Gasteizen, Iruñean eta Baionan.
🗓️ Apirilak 1
🕚 18:00
📍 Andra Mari Zuriaren plazatik pic.twitter.com/U0h77GJM6N— Kontseilu Sozialista Gasteiz (@Kontseilua_Gast) March 15, 2023
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!