Segurtasun zinegotziari gezurra esatea egotzi diote udaltzainek jipoitutako gaztearen gurasoek
Segurtasun zinegotziak agerraldia egin du lehen aldiz udaltzainek jipoitutako gaztearen kasuari buruz azalpenak emateko. Gaztearen gurasoek "gezurra" esatea egotzi diote eta EH Bilduk polizia-fitxan lekukotzak falta direla salatu du.
Martxoaren 6an 16 urteko Aimarrek patinete elektrikoaren gainean zebrabidea igaro zuela egotzita, udaltzainek geratzeko agindu zioten eta gaztea ihes egiten saiatu zen. Zenbait minutuko jazarpena eragin zuen Zabalgana auzoan, baina azkenean harrapatu zuten. Atxilotzeko unean, gaztea jada entregatu zenean, lurrera bota, belaunekin eta ukabilekin jo zuten eta gazteari sudurra hautsi zioten. Udaltzainek familiari esan zioten erori egin zela. Bideoz grabatu zuen auzokide batek, ordea, eta han ez da halakorik ikusten. Familiak salaketa jarri du epaitegian.
Gaur, EH Bilduk eskatuta, Marian Gutierrez (PSE-EE) Gasteizko Udaleko Segurtasuneko zinegotziak agerraldia egin du, lehen aldiz gaztearen gurasoek salaketa jarri zutenetik, azalpenak emateko.
Besteak beste, zinegotziak esan du epaitegien esku dagoela gaia, eta hor erabakiko dela ardurak hartu behar diren edo ez. Kasu aislatua dela ere esan du, eta ez liokeela eragin behar udaltzaingoari. Errugabetasun-presuntzioa eskatu du auzipetutako bi polizientzako.
Gezurra esatea egotzi diote jipoitutako gaztearen gurasoek eta utzi egin dute batzordeen gela, haserre
Udaltzainek jipoitutako gaztearen gurasoak batzordeen gelan egon dira, zinegotziaren eta gainontzeko alderdi politikoen ordezkarien hitzartzeak entzuteko. Haserre utzi dute gela, baina, agerraldia bukatu aurretik, gezurra esan duelako Segurtasun zinegotziak.
Izan ere, Marian Gutierrez Segurtasuneko zinegotziak adierazi duenez, “udaltzainek operazio-zentralera deitu zuten Aimarrek 18 urte ez zituela jakitean”. Gaztearen gurasoek, une horretan, gela utzi dute haserre, ez baitzuten poliziaren deirik jaso. Azaldu dutenez, bizilagun batek deitu zien.
EH Bilduko Iratxe Lopez de Aberasturi zinegotziak polizia-fitxari buruz hitz egin du. Salatu duenez, fitxa horretan jasotzen diren lekukotzez gain, hainbat lekuko aipatzen dira, testigantzak hartu ez zaizkienak: “beste lekuko batzuei buruzko aipamenak daude, baina ez dute besterik esaten”. Fitxa horretan esaten da, Lopez de Aberasturik azaldu duenez, “bizilagunek poliziei ohiu eta kexuak egin zizkietela”.
Gainera, deklarazioak eman dituen beste auzokide bat ere bada, polizia-fitxan agertzen ez dena. Horren arabera “2 poliziak motorrera inguratu zuten, eta batek aurretik eraman zuen. Gainera bota ziren ukabilkadak, ukondokadak eta belaunkadak ematera, mutikoak laguntza eskatzen zuen bitartean “. Une horretan, bizilaguna “kalera jaitsi zen” adingabea “ezin zela defendatu” ikusita.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!