Txabolen auzian bere “esku dagoen guztia” egiten ari dela dio Legutioko Udalak
Urbinako txabolen arazoa 2020an hasi eta 2022an larriagotu egin zela azaldu du Legutioko Udalak. Bertan bizi diren pertsonentzako "irtenbidea" bilatzea eskatu die Aldundiari eta Jaurlaritzari, "ondoren bestelako neurriak" hartzeko. through Alea.eus
Aste honetan, El Correo egunkariak argitara atera du dozenaka migratzaile eta eskolatu gabeko haurrak txaboletan bizi direla Urbinan, Legutioko udalerrian. Egunkari horren ikerketaren arabera, 41 pertsona inguru —horietako sei adingabeak— daude txabolen inguruko etxebizitza batean erroldatuta.
Antza denez, horietako batzuk txaboletan bizi dira, eta beste batzuk etxebizitza nagusian alokatutako logeletan. Eta gehienak epe jakin baterako baino ez daude bertan, eta beste egoiliar batzuk iristearekin batera alde egiten dute. Inguruko zenbait bizilagunek “osasungaiztasuna, liskarrak eta iruzurra” salatu dituzte, baita prostituzio kasuak, arratoien presentzia eta Ertzaintzaren bisita ugari ere. Espainiako Poliziak ere ikerketa bat abiarazi du.
Udalaren azalpenak
Azken egunetan kasuak piztutako polemikaren aurrean, Legutioko Udalak (EH Bildu) komunikatu bat plazaratu du, arazoa hainbat urtez luzatu dela azalduz eta hori konpontzeko “gure esku dagoen guztia” egiten ari dela ziurtatuz, “gainerako erakunde eskudunekin (Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin) harremanetan”.
Besteak beste, Udalak azaldu du joan den ostiralean, martxoaren 17an —El Correok informazioa argitaratu baino egun gutxi batzuk lehenago—, izapideak hasi zituela partzela horretan bizi ez diren pertsonak erroldatik kentzeko. Halaber, bertan bizi diren pertsonei “irtenbidea” bilatu behar zaiela azpimarratu du: “Lehenik eta behin, nor bizi diren eta zein baldintzatan bizi diren argitu behar da, eta ondoren, bestelako neurriak hartuko ditugu”.
Udalak “barkamena” eskatu du informazioa plazaratzeko izandako atzerapenagatik, udal gizarte langilea bajan dagoela azalduz.
Kronologia
Azalpen horiekin batera, Legutioko Udalak Urbinako lursail horretan azken urteetan gertatutakoaren errepasoa egin du, xehetasunez:
- 2020ko abenduaren 31n: udal arkitekto teknikoak egindako ohiko bisitaren ondorioz, lehen txosten bat egin zen, etxolak eraikitzeagatik obra batzuk geldiaraztea ebatzita. Jarduketa hori “klandestinotzat” jo zen, eta jabeari eskatu zitzaion eraikuntza horiek legeztatzeko.
- 2021eko urriaren 21ean: bigarren txosten batean egiaztatu zen jabeak ez zuela eraikuntza legeztatzeko eskaerarik egin, eta Udalari eskatu zitzaion zehapen-prozedura eta eraiste-prozedura hasteko.
- 2022ko otsailaren 7an: Legutioko Udalak Urbinako bizilagun baten kexa bat jaso zuen, “liskarrengatik eta bizilagunekin izandako beste arazo batzuengatik”.
- 2022ko martxoaren 14an: Legutioko Udalak bizilagun beraren bigarren kexa bat jaso zuen, “egoerak okerrera egin zuela eta beste maizter bat txabola batean bizi dela” ohartaraziz.
- 2022ko maiatzean: Udalak beste kexa bat jaso zuen sare elektrikora legez kanpo lotuta zeudela ohartaraziz.
- 2023ko martxoaren 7an: Urbinako etxebizitza batean jende asko erroldatuta zegoela egiaztatu ondoren, gizarte langilea Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarri zen, derrigorrezko eskola-adinean zeuden sei adingabeak eskolatuta ote zeuden egiaztatzeko. “Zazpigarren bat Udaleko gizarte zerbitzuak artatzen ari ziren 2021etik, familiak Udalera laguntza eskatzera jo zuelako eta jada eskolatuta zegoen”, azaldu du Udalak.
Haurren eskolatzeari dagokionez, Udalaren arabera, Hezkuntza Sailak erantzun zuen horietako inor ez zegoela eskolatuta eta ez zirela agertzen hezkuntzako zerrendetan. “Hezkuntzako Ordezkaritzari jakinarazi behar ote zion galdetuta, ezetz erantzun zuen, hezkuntza sisteman agertzen ez direlako”, azaldu du Legutioko Udalak.
Horrez gain, errolda aztertu ondoren, Udalak egiaztatu ahal izan du bi pertsona 1996tik bizi direla bertan. Udalaren arabera, gainerako erroldatzeak “duela hiru urtetik hona” egin dira, baina “bereziki 2022an”.
- Martxoaren 17an: Legutioko Udalak izapideak hasi zituen partzela horretan bizi ez diren pertsonak erroldatik kentzeko. Egun horretan bertan, lursailaren jabeari jakinarazpen bat bidali zitzaion Udalarekin harremanetan jartzeko, “baina eskaera horrek ez du erantzunik jaso” oraindik.
- Martxoaren 21ean (gaur): arkitekto teknikoak eraikinen egoerari buruz egindako txostena eguneratu da. Txosten horren ondorioz, berehala hasiko dira administrazio izapideak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!