Hogeita hamargarren urteurrena ospatuko du GEU Elkarteak urriaren 1ean
Ospakizuna baliatu nahi dute GEU elkartearen azken urteetako eboluzioa ikustarazteko, egun egiten dituzten egitasmoak uztartuz egun bakar batean.
Jaialdi bat antolatu dute urriaren 1erako, GEU elkarteak 30 urte beteko dituela ospatzeko. Ospakizuna baliatu nahi dute GEU elkartearen azken urteetako eboluzioa ikustarazteko, egun egiten dituzten egitasmoak “egun berean eta egitarau zabal baten barruan” antolatuz.
GEU Gasteiz Euskalduna irabazi asmorik gabeko elkartea da. 1992. Urtean sortu zen Gasteizen euskararen erabilera sustatzeko eta euskaldun eta euskaltzaleen komunitatea trinkotzeko asmoarekin. Gaur egun 800 bazkidetik gora ditu, eta lan boluntarioa egiten duten pertsonez gain zortzi langile ditu. Azken urteotan GEU-k hazkunde nabarmena izan duelakoan daude elkarteko kideak, egitasmo berriak jarri direlako martxan, “baina, beti ere, gure oinarriari eutsiz: elkarlana Gasteiz, Araba zein Euskal Herriko eragile eta norbanakoekin”, azpimarratu dute.
Jaialdiaz gain, urriko hilabete osoan zehar erakusketa dinamiko bat antolatu dute Montehermosoko Jovellanos aretoan. 1992eko sorreratik 2022ra bitartean emandako GEU elkartearen historia azalduko da bertan, ikus-entzunezko, aldizkari, kartel eta elementu bisual askoren bitartez. Erakusketak “GEUre EUSKARAREN HISTORIA” du izena, eta “euskaldun askoren ilusio eta borondateari esker gaur egun dugun sarearen nondik norakoak hartuko ditu bere baitan”, azaldu dutenez.
Irailaren 29an inauguratuko da erakusketa, Jovellanos aretoan, 18:30etan. Urriaren 30era arte egongo da ikusgai eta bi bisita gidatu ere egingo dira, oraindik datak zehazteke dauden arren.
Hona hemen urriaren 1erako GEU elkartean antolatu duen egitaraua:
10:00 GEUrekin mendira eta Mintza ibilaldia –Arka plazatik irtengo dira
11:00 Igandeak Jai (Irrien lagunak) –Aldabe Gizarte Etxeko antzokian
11:30 Irakurle klubaren 20. urteurrena –Ignacio Aldecoa Kultura Etxean
12:30 Dastatzeak (Garagardoa edo ardoa) –Alde zaharrean
13:30 Kalejira –Kutxi kaletik
14:30 Bazkaria –Landatxon
18:00 Bakarrizketa eta dantza plazan –Falerinako lorategian
22:30 ZETAK-en kontzertua –Jimmy Jazz aretoan
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!