Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeari bukaera emanen diote ekainaren 30ean
Lazarraga Kultur Elkarteak 2014an sustatutako proiektuari bukaera eman, eta Gasteiz Antzokiaren proiektuan zentratuko da elkartea. through Argia.eus
Emankorra eta mamitsua izan da Oihaneder Euskararen Etxearen zortzi urteko ibilbidea: 900 jarduera inguru eta 66.500 erabiltzaile –COVID-19 pandemia garaian izan ezik, urtean 10.000 lagun–. Egindakoa eta gerora egin nahia baikorki baloratu du Lazarraga Kultur Elkarteak: “Euskal kultura erakusteaz gain, sormena sustatu da, eta Euskal Herri osoko sortzaile eta kulturzaleentzat erreferente bilakatu da. (…) Egindako lana eta metatutako esperientzia ezinbestekoak izango dira erronka berriei aurre egiteko. Lazarraga Kultur Elkarteak lanean jarraituko du Gasteizek merezi duen kulturgune euskaltzalea ahalik eta lasterren izan dezan”.
Lazarraga Kultur Elkarteak eskerrak bideratu ditu Oihaneder eta oinarrian ukan duen “elkarlana” posible egin ahal izan duten orori: “Sortzaile zein ikus-entzuleei, babesle zein laguntzaileei, erakunde zein elkarteei, guzti-guztiei, eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen, eta orain arte egindako bideak, etena baino, izan dezala jarraipena hurrengo proiektuetan”.
Ekainaren 30eko azken festan joko dute Liher eta Lamiak taldeek. Horrez gain, aitzineko egunetan ere izanen da zer egina: ekainaren 16ko ostegunean Lurralde oreka jomugan jardunaldia Eusko Ikaskuntzaren eskutik; 17ko ostiralean Eguzki-loreak eta San Juan sua tailerra Gela Horia-k bideraturik; 21ean Batera sormen deialdiko proiektu irabazleen aurkezpena; 28an, Nightclubbing: the birth of punk rock in NYC dokumentala (Kortxeak & Krispetak) eta 29an Casablanca beats dokumentala (Kortxeak & Krispetak).
“Gasteiz Antzokia” bidean
Gasteizen “kulturgune euskaltzale berri bat” izatearen alde lanean segituko dute. Tartean dago Gasteizko Kafe Antzokia. Euskara arloko eragile sozial eta kulturalen arteko adostasuna oinarri nahi duen proiektua da Kafe Antzokiarena.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!