34. urtemuga ospatuko du Gasteizko Gaztetxeak apirilaren 26tik 30era
"Hogeitamalas" lelopean kaleratu dute 2022ko urtemugako egitaraua. Tailerrak, auzolana, bazkaria eta kontzertuak antolatu dituzte aste osoan zehar gaztetxearen hogeita hamalau urteak ospatzeko.
Gasteizko Gaztetxeak 34 urte beteko ditu aurten. Zehazki, apirilaren 28an beteko dira hogeita hamalau urte Gasteizko Alde Zaharreko Gotzaindegiko kotxetegia zenaren atea ostikoz bota eta okupatu zutenetik, Gasteizko Gazte Asanbladaren ekimenez, 300 lagun inguru bildu zituen manifestazioan. 1988an izan zen hori.
Aurten, 34 urtez etxeak zutik dirauela ospatzeko, Gaztetxeko asanbladak aste osoko egitaraua antolatu du, “Hogeitamalas” lelopean. Apirilaren 26an, asteartea, askotariko tailerrak izango dira gaztetxean arratsaldez: bulder topaketa, pandero tailerra eta kartelgintza. 17:00etan, 17:30etan eta 18:00etan hasiko dira tailerrak, hurrenez hurren. Asteazkenean, apirilak 27, Berrizeko Seiurte eta Azkoitiko Hartz rock taldeen kontzertuak izango dira, 19:00etatik aurrera.
Apirilaren 29an, osteguna, auzolan irekia egingo da gaztetxean, eta elkarrekin lan egin eta ondo pasatzera etortzeko deia luzatu die asanbladak kolektibo zein norbanakoei. Goizeko 10:00etan hasita, egun osoz egongo da gaztetxean lana.
Azkenik, larunbatean, hilaren 30ean, egun osoko jaia egingo da, urtemugari amaiera emateko. Eguerditik hasita, marianitada eta mural margoketa izango dira gaztetxean, 13:00etatik aurrera. Bazkari herrikoia ondoren, Auzolana pilotalekuan. Astelehenetik aurrera egongo dira tiketak salgai Hala Bedi Tabernan, 5 euroan.
Bukatzeko, lau taldek kontzertuak emango dituzte gaztetxean: Gamarrako Kandido KK rokanrol taldea; Lekeitioko Zikin, punk taldea; Getariako Oki Moki; eta AEBko Hotline TNT taldeak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!