All in da haus freestyle txapelketa seigarrenez egingo da larunbat honetan
Gasteizeko Gaztetxean izango da jaialdia, arratsaldeko 17:40etatik aurrera. Preso politiko gasteiztar baten askatasuna aldarrikatzeko jaio zen bertso eta rap munduak uztartzen dituen lehiaketa hau 2016an, Ekaitz in da haus izenarekin, eta preso politiko guztien askatasuna aldarrikatzeko lehiaketan bihurtu da azken edizioetan.
All in da haus freestyle txapelketaren seigarren edizioa ospatuko da larunbat honetan Gasteizko Gaztetxean. Aurreko urteetako eran, kontzertuak eta freestyle txapelketa izango ditu jaialdiak ardatz. Preso politiko gasteiztar baten askatasuna aldarrikatzeko jaio zen lehiaketa hau 2016an Ekaitz in da haus izenarekin eta preso politiko guztien askatasuna aldarrikatzeko lehiaketan bihurtu da azken edizioetan.
Duela zazpi urte hainbat lagun elkartu ziren gaztetxearen bueltan, Ekaitz Samaniego preso politikoaren urtebetetzea aitzaki hartuta, presoak etxeratzeko aldarriarekin freestyle txapelketa bat antolatzeko asmoz. “Euskal Herrian uste dut ez zela egon aurretik horrelako txapelketarik, freestylean, rapero eta bertsolariak elkartuz, euskaraz; esperimentoa izan zen pixk bat”, kontatu du antolatzaileetako batek. “Ohiko batalla de gallos ez izateko gaiak multimedia erabiliz jartzen dira, adibidez, bertsolaritzan ohikoak diren ariketak ere egiten dira, kartzela bezala. Esperientzia polita izan zen, eta hurrengo urteetan egiten jarraitu zen”. Presoak etxeratzeko aldarria zabaltzea da jaialdiaren helburua eta, horrekin batera, rap eta hip hop eszenan euskaraz egiteko bultzadatxoa emateko aitzakia izatea.
Urte hautan guztietan Euskal Herri osoko freestylerrek hartu dute parte, batzuk behin baino gehiagotan, beste batzuk lehen aldiz aurten. Urteekin freestyle txapelketa errotzen joan den jaialdia da Arabako panoraman, gero eta musikari gazte gehiago ere animatzen dira euskaraz inprobisatzera eta euskarazko freestyle topagune gehiago ere egin dira Euskal Herriko beste txoko batzuetan. “Interesgarria da bertsolari eta raperoak elkartzea: bakoitza badator mundu batetik, baina biak elkartzen dira inprobisazio eta euskaran”, azaldu dute.
Mural margoketa, kontzertuak eta freestyle txapelketa
Arratsaldeko 17:40an emango diote jaialdiari hasiera, mural margoketarekin. Ondoren, 18:00etan, lehen kontzertuak izango dira: Markes Iraizoz, Pastor eta Allexhited.
Freestyle txapelketa 19:00etan hasiko da. Amaia aurkezleak eta DJ Xerula Radikataren musikak girotuta, sei partehartzailek inprobisatuko dute: Odei Barroso, Urruñako bertsolari eta rap kantaria; Markel Yoller, Ilarduiako bertsolaria eta rap kantaria hau ere; Raperu, Galdakaoko raperoa; eta Paula Amilburu, Iñaki Viñaspre eta Izar Mendiguren arabar bertsolari ezagunak. Epaile lanetan arituko dira Endika Lahaine, Ander Abaskal eta Luma. Horiek erabakiko dute nor igaroko den gaueko finalera.
Finalaren aurretik, baina, Haizeatxo, Ninga, X eta 34·ren kontzertuak izango dira. Horren ostean, 22:30etan, freestyle txapelketaren finala.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!