Amaitutzat eman dute greba CIE Recytec-en, lan baldintzak hobetuko dituen akordioa erdietsita
Bertan behera utzi dute langileek martxoaren 7an hasitako greba. KPIaren araberako soldata igoerak eta lanaldi murrizketa lortu dute akordio berriarekin.
CIE Recytec Legutioko lantegiko enpresa batzordeak (ELAko ordezkariak guztiak) greba mugagabea deitu zuen martxoaren 7an, “enpresaren irabaziak kontuan hartuta, aberastasuna egokiago banatzeko, baldintza duinak izateko, lanbide sailkapen justuagoa egiteko, ABLEen abusua mugatzeko eta enpresako beste hainbat alderdi hobetzeko”. Bi asteko grebaren ondoren, atzo, martxoaren 21ean, arratsaldez, greba amaitzeko akordioa lortu zen, langileen aldarrikapen gehienak jasotzen dituen 2020-2024rako akordioarekin.
Horien artean azpimarratzekoa dira KPIaren araberako soldata igoerak eta lanaldi murrizketa. Arabako metalaren sektoreko hitzarmen kolektiboa berritzeko ere eskatu dute langileek. ELAk langileak zoriondu behar dela esan du grebari 2 astez eusteagatik, eta erresistentzia kutxaren balioa berretsi du.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!