Laudioko Gaztetxea zabaldu dute berriro
Bi urte eman ditu itxita gaztetxeak, Udalaren aginduz, Lamuza parkeko obrak direla eta. Lanak "etengabe" luzatzen ari diren bitartean gazteei espazio bat ukatzen ari zaielako, espazioa atondu eta berriro ireki dute asteburu honetan.
Duela bi urte, Laudioko Lamuza parkean obrak hasi zituen Foru Aldundiak. Udalak parkean dauden espazio guztiak hustu zituen, Gaztetxea barne. Gaztetxeko kideen arabera, Gaztetxearen itxiera agintzen duen txostenean ez dago argudiorik espazioa ixtera derrigortzeko. Obrek iraun duten bitartean Laudioko gazteek politika egiteko espazio gabe utzi dituztela salatu dute eta, gainera, udalak ez die bermerik eman lanak amaitzean gaztetxea erabiltzen jarraitu ahal izango dutela ziurtatzen dienik.
Gauzak horrela, aurreko astea antontze lanetan eman eta gero, asteburu honetarako egitaraua egin zuten publiko joan den astean gaztetxeko kideek. Larunbatean bazkaria egin zuten, eta espazioa egokitzen jarraitzeko auzolana ondoren. Musika eta pintxoak izan ziren iluntzean. Igandean ere auzolana izan zen, bertso-bazkaria eta zienforuma.
Sare sozialetan jakinarazi dutenez, igande goizaldean udaltzainen patrulla bat Gaztetxera sartzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Kanpoan grabatzen ari zen pertsona bat identifikatu zuten, ordea. Igandean ere barruan zegoen pertsona bat eta kanpoan zeuden bi identifikatu zituzten, sarrera oztopatuz.
👉 Gaztetxeak 2 urte daramatza itxita eta obra prozesua etengabe luzatzen ari da.
👉 Gaztetxearen itxiera agintzen duen txostenean hau ixteko argudiorik ezin daiteke topatu.
👉 Beraz, Laudioko gazteoi politika egiteko espazio bat ukatzen zaigu.
Gaztetxea gazte langileontzat! pic.twitter.com/WjaAAz841n
— Laudioko Gaztetxea (@LaudioGaztetxea) February 21, 2022
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!